Euskal Herriko Itzulia 2022: ibilbidea, etapak eta taldeak, zuzenean - EITB Euskal Herriko Itzulia
Euskal Herriko Itzulia
Apirilaren 4tik 9ra
A. A. | EITB MEDIA
Lasterketa apirilaren 4an abiatuko da Hondarribitik, 7,5 kilometroko erlojupeko batekin, eta Arraten, Usartzako aldapetan, amaituko da bost egun geroago.
Albisteak (5)
Apirilaren 4tik 9ra bitartean korrituko den Euskal Herriko Itzuliaren 61. edizioaren antolatzaileek lasterketaren behin betiko ibilbidea aurkeztu dute asteazken honetan (882,2 kilometro guztira), oso bihurria dena, eta joan zen urteko irabazlea izan zen Primoz Roglic esloveniarrarentzat oso mesedegarria izan daitekeena.
Aurkezpena Hondarribin egin da, hau da, lehenengo etapa hartuko duen herrian, eta bertan izan dira Txomin Sagarzazu alkatea, Julian Eraso lasterketako arduradun nagusia eta Roberto Laiseka ibilbideen zuzendaria.
Laisekak etapa bakoitza zehaztu du, besteak beste, Hondarribiko 7,5 kilometroko erlojupekoan "alde txikiak" egon daitezkeela adierazi du. Hasierako etapa horretan mendiko saria lortzeko balioko duen igoera bat izango da.
Nafarroako lurretan zehar jokatuko den bigarren etapa (Leitza-Viana), luzeena izango da, eta Laisekak "ihesaldi txiki bat" aurreikusten du, baina helmugara iristeko arazoak izango dituena. Hirugarren jardunaldian, Laudio eta Amurrio artekoan, berriz, hautagairen bati arazoak eragin diezazkiokeen "zirkuitu gorabeheratsu" bati bi buelta eman beharko dizkiote parte-hartzaileek.
Laugarren etapak Gasteiz eta Zamudio lotuko ditu. Ibilbide "oso desatsegina" izango du, eta azken igoera gogor bat, faboritoek aldeak egiteko balia dezaketena.
Bosgarren jardunaldia Zamudiotik abiatuko da eta Mallabian izango du helmuga, "azken kilometroan % 16ko arrapala izango duen amaiera ikusgarriarekin".
Euskatel-Euskadiko txirrindulari ohia ziur dago dena erabakiko dela Eibarren jokatuko den azken etapa nagusian, Usartza mendateko igoera gogoangarriarekin. Igoera horren izaera "selektiboa" azpimarratu du, eta irabazleak "talde on bat" beharko duela iritzi dio, etapa amaiera kontrolatu ahal izateko.
Roglicek, Espainiako Itzulia hiru aldiz irabazi duenak, Itzuliaren iazko edizioan lortutako txapela defendatuko du, urtarrilean baieztatu baitzuen bertan izango dela hiru asteko lasterketak prestatze aldera. Hemen ikus daiteke parte-hartzaileen zerrenda oso.
2022KO ITZULIKO ETAPAK:
1. etapa (apirilak 4): Hondarribia – Hondarribia (7,5 km)
------------------------------------------------------
2. etapa (apirilak 5): Leitza – Viana (207,9 km)
------------------------------------------------------
3. etapa (apirilak 6): Laudio – Amurrio (181,7 km)
------------------------------------------------------
4. etapa (apirilak 7): Vitoria-Gasteiz – Zamudio (185,6 km)
------------------------------------------------------
5. etapa (apirilak 8): Zamudio – Mallabia (163,8 km)
------------------------------------------------------
6. etapa (apirilak 9): Eibar – Usartza gaina (Arrate) (135,7 km)
------------------------------------------------------
2022KO ITZULIKO IBILBIDE OSOA:
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa