Itzulia Basque Country 2022: Euskal Herriko Itzuliko 4. etapa zuzenean
#-4_etapa-#
4. etapa
EITB MEDIA
Lidl-Trekeko Mattias Skjelmose da 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren lider berria; izan ere, Roglicek, Evenepoelek eta Vingegaardek eroriko larria izan dute. Mikel Retegi (Kern Pharma) eta Joseba Lopez (Caja Rural) laugarren eta seigarren helmugaratu dira. Denborek ez dute balio izan.
Albisteak (5)
Louis Meintjes Intermarche-Wanty taldeko txirrindulari hegoafrikarrak irabazi du 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren laugarren etapa, Legution, ostegunean, eta Mattias Skjelmose Lidl-Trek taldeko ziklista danimarkarra da probako lider berria, lasterketako laugarren jardunaldia amaituta. Hori da eguneko balantzea, kirol arloan, baina etapa dozena bat txirrindularik izandako eroriko larriak markatu du erabat; izan ere, istripu horren ondorioz, maillot horia zeraman Primoz Roglicek (BORA-hansgrohe), sailkapen nagusiko bigarren postuan zebilen Remco Evenepoelek (Soudal Quick-Step), eta 2023ko irabazle eta aurtengo faborito nagusi Jonas Vingegaardek (Visma Lease a Bike) Itzulia behar izan dute, Jonas Vingegaard ospitalera eraman behar izan dute.
Testuinguru horretan, sei txirrindularik jokatu dute etapa garaipena, alegia, erorikoa gertatu denean, helmugarako 34 bat kilometro gelditzen zirela, ihesaldian zebiltzan sei ziklistek. Intermarcheko gizona izan da seikote horretako onena, Gatzagako igoeran erakutsi duenez; mendate horretan utzi ditu atzean bost aurkariak. Tartean, Euskal Herriko bi txirrindulari izan dira ihesaldi horretan: Kern Pharmako Mikel Retegi barañaindarra, eta Caja Rural-Seguros RGA taldeko Joseba Lopez gasteiztarra. Retegi laugarren helmugaratu da, eta Lopez seigarren; antolatzaileek erabaki dute soilik sei ziklista horiek jokatuko zutela garaipena, eta gainerako parte-hartzaileek era neutralizatuan beteko zutela Eskoriatzatik Legutiorako tartea. Osteguneko denborek ez dute balio sailkapen nagusirako.
Ihesaldian izandako gainerako hiru txirrindulariak hauek izan dira: Reuben Thompson (Groupama-FDJ), Mathieu Burgardeau (TotalEnergies) eta Karel Vacek (Burgos-BH). 20. kilometrorako, taldea lasterketa buruan zebilen, dagoeneko. Seikotea osatu duten gizonak ondo konpondu dira; istripua jazo denean, tropela bi minutura zegoen; Untzilla eta Gatzaga mendateak zituzten aurretik, oraindik, eta pentsatzeko modukoa zen tropelak ihesaldia kontrolpean zuela. Azkenean, lasterketako baldintzak ahalbidetu dute ihesaldiko ziklistek izatea aukera etapa garaipena jokatzeko, egoera oso berezia izan bada ere. Meintjesek, mendiko sailkapeneko liderra bera, argi irabazi du.
Hala, Itzulia erorikoan mindutako txirrindularien diagnostikoa zein den zain dagoela, kirol ikuspegitik zaila dirudi asmatzea nork irabazi ahal duen aurtengo ekitaldia, kontuan izanik garaipena erdiesteko hiru hautagai nagusietakoek lasterketari agur esan behar izan diotela.
Sei iheslariek jokatu dute etapa garaipena. Argazkia: EFE.
4. etapako sailkapena (denborak ez dituzte zenbatuko)
1 - MEINTJES Louis (Intermarche)
2 - THOMPSON Reuben (Groupama)
3 - VACEK Karel (Burgos)
4 - RETEGI Mikel (Kern Pharma)
5 - BURGAUDEAU Mathieu (TotalEnergies)
6 - LOPEZ Joseba (Caja Rural)
Sailkapen nagusia
1 - SKJELMOSE Mattias (Lidl) 8:36:11
2 - AYUSO Juan (UAE) +0:4
3 - VAUQUELIN Kevin (Arkea) +0:6
4 - SCHACHMANN Maximilian d. b.
5 - MCNULTY Brandon (UAE) +0:13
6 - ARMIRAIL Bruno (Decathlon) +0:14
7 - BILBAO Pello (Bahrain) +0:15
8 - LAPEIRA Paul (Decathlon) +0:16
9 - OLIVEIRA Nelson (Movistar) +0:18
10 - GREGOIRE Romain (Groupama) d. b.
Kontsultatu hemen 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren sailkapen guztiak.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa