Itzulia Basque Country 2022: Euskal Herriko Itzuliko 3. etapa zuzenean

Euskal Herriko Itzulia

19:32

#-3_etapa-#

Zarautz-Beasain

Alex Aranburuk irabazi du Itzuliko 3. etapa, epaileek haren deskalifikazioa atzera botata

EITB MEDIA

Ezkio-Itsasoko txirrindulariak lehen postuan zeharkatu du helmuga Beasainen, baina epaimahai teknikoak erabaki du, hasiera batean, hura deskalifikatu eta Romain Gregoireri ematea garaipena; minutu batzuen buruan, dena dela, epaileek ebatzi dute euskal ziklista dela behin betiko irabazlea.

1:27
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Alex Aranburu Cofidis taldeko euskal txirrindulariak irabazi du 2025eko Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapa, Beasainen, asteazkenean, eta Maximilian Schachmann Soudal Quick-Step taldeko ziklista alemaniarrak lasterketako sailkapen nagusiko lehen postuan jarraitzen du. Aranburuk, dena dela, garaipena errepidean ospatu badu ere, ez du hori baieztatuta izan arratsaldeko zazpi eta erdietara arte, gutxi gorabehera; izan ere, hasiera batean, epaileek deskalifikatu egin dute txirrindulari gipuzkoarra, eta Groupama-FDJ taldeko Romain Gregoire izendatu dute etapako garaile, frantziarra bigarren tokian helmugaratu baita. Bi orduz eztabaidatu dute, eta epaimahai teknikoak ebatzi du Alex Aranburu dela irabazlea.

Eztabaida azken kilometroan zegoen biribilgune batek sortu du; izan ere, Aranburuk, bere atzetik zihoazen aurkariek ez bezala, eskuinaldetik hartu du hori. Errepidean zeuden seinaleek eta ibilbide liburu ofizialak ez zuten bat egiten; testuinguru horretan, Cofidiseko euskal ziklistak egin du ibilbide liburuan zioena. Honela azaldu du Itzuliak, ofizialki, zer gertatu den: "Jasotako lehen irudien ostean, 51 dortsala", alegia, Alex Aranburu, "deskalifikatzeko erabakia hartu da, probaren ibilbidea desbideratzeagatik, horrela abantaila lortuz, irudiek, antza, txirrindulariak biribilgunea seinaleztatutako ibilbidetik desbideratzen zen modu batean hartu duela erakusten zutelako. Hala ere, zenbait proba jaso eta berrikusi ondoren (Velovieweren datuak, ibilbide liburua eta taldeak emandako informazioa barne), eta eskura zegoen informazio guztia berrikusi ondoren, Cofidis taldeko txirrindulariak biribilgunea aukeratutako lekutik hartu duela ikusi da".

"UCIren araudiko 1.2.064 artikuluaren arabera", jarraitu du Itzuliak, zabaldutako oharrean, "txirrindulariek ibilbidea aldez aurretik aztertu behar dute. Kasu honetan, txirrindulariak aurreikusitako ibilbidea zuzen jarraitu du. Gainera, txirrindulariak biribilgunetik irten ostean lortutako abantaila handitzen jarraitu da helmugara iritsi arte. Era berean, antolatzaileekin hitz egin da, eta biribilgune horren seinaleztapenean akats bat zegoela baieztatu da. Hori guztia dela eta, Epaimahai teknikoak hasierako erabakia bertan behera uztea erabaki du eta helmugako lerrotik txirrindulariaren pasea balioztatu da".

Honela zekarren ibilbide liburuak biribilgunea nola hartu behar zuten. Argazkia: EITB Media.

Honela zekarren ibilbide liburuak biribilgunea nola hartu behar zuten. Argazkia: EITB Media.

Etaparen nondik norakoak

Etapa amaitutakoan jazo denak bigarren mailan utzi du lasterketan ikusi duguna, baina hori ere ikusgarria izan da. Hasiera-hasieratik izan dira ihesaldi saiakerak, baina kosta egin da eguneko ihesaldia sortzea. Azkenean, txirrindulariak Andazarrate mendatea igotzen hasi direnean eratu da ihesaldia. Bruno Armirailek (Decathlon AG2R La Mondiale) eta Matteo Vercherrek (TotalEnergies) egin dute aurrera; hala ere, Alkiza igotzen hasi direnean Armirail bakarrik geratu da lasterketa buruan. Dena den, frantziarraren saiakera ezerezean geratu da helmugarako 75 kilometro falta zirenean.

Gero mugimenduak izan dira tropelean, eta sei txirrindulari hauexek zuloa ireki dute tropelarekiko: Joao Almeida (UAE Emirates-XRG), Brandon McNulty (UAE Emirates-XRG), Mattias Skjelmose (Lidl-Trek), Nelson Oliveira (Movistar), Enric Mas (Movistar) eta Harold Tejada (XDS-Astana). Gizon garrantzitsu eta izen handikoak egon dira seikotean; hori ikusita, tropelak ez die zuloa handitzen utzi.

Etapak ez du etenik izan, eta tropelak bat egin ostean, erasoak elkarren segidan heldu dira. Pello Bilbao (Bahrain Victorious) eta Ion Izagirre (Cofidis) atzean geratu dira, tropel nagusiaren erritmo biziari ezin eutsita. Aurrean, Marc Solerrek (UAE Emirates-XRG), Clement Berthetek (Decathlon AG2R La Mondiale) eta Rudy Molardek (Groupama-FDJ) erasoa jo dute, eta lasterketaren buruan jarri dira.

Gaintzan gora, Brethet bakarrik geratu da buruan, Soler eta Molard atzean utzita. Tropelean, Maximilian Scachmann (Soudal Quick Step) liderrak sufritu egin du, baina geroago hura izan da talde nagusia dantzan jarri duena, erasoa jota; ez du zulorik ireki, baina tropela txikitu du. Adibidez, Almeida atzean geratu da

Azken txanpan, Lazkaomendiko igoeran, Brethetenak egin du, eta faboritoen arteko lehia hasi da. Schachmann indartsu azaldu da, eta Alex Aranburuk ere saiakerak egin ditu.

Hamabi bat txirrindulari geratu dira lasterketaren buruan Lazkaomendi atzean utzita, helmugarako sei kilometro falta zirenean. Gero, Almeidak jo du erasoa, eta Aranburuk egin du bat berarekin; zulo txiki bat ireki dute, baina haiekin bat egin dute atzetik zetozen bost txirrindularik. Hala ere, Aranburu lasterketa buruan heldu da azken kilometrora. Atzetik, ez dira gai izan Ezkio-Itsasokoa harrapatzeko eta gipuzkoarra izan da lehena helmuga gurutzaten, Gregoireren eta Schachmannen aurretik.

Sailkapen nagusiari dagokionez, Schachmann da liderra, Almeida bigarrena bi segundora eta Florian Lipowitz (Red Bull-BORA-hansgrohe) hirugarrena liderrarekiko sei segundora.

ETAPAKO SAILKAPENA

SAILKAPEN NAGUSIA

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    22 18:45 - 21:00 ESKUBALOIA | Europako Liga: MT Melsungen vs Bidasoa Irun

      Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen