Saskibaloia
Endesa Liga
EITB Media
Gipuzkoakoa izan da 16. jardunaldian garaipena bereganatu duen euskal talde bakarra. Zaragozari 76-72 irabazita, jaitsiera postuetatik irten da IDK Euskotren.
IDK Euskotreneko jokalariak, Zaragozaren aurka garaipena lortu ostean. Argazkia: @ibaetabasket
2024-2025 Endesa Ligako 16. jardunaldiak Euskal Herriko taldeen garaipen bakarra eta hiru porrot utzi dizkigu. IDK Euskotrenek soilik lortu du irabaztea; Lointek Gernika Bizkaiak, Kutxabank Araskik eta Oses Construccion Ardoik porrot egin dute.
IDK Euskotrenek garaipen garrantzitsua lortu du Casademont Zaragozaren aurka, 76-72. Horri esker, Donostiako taldea jaitsiera postuetatik irten da; orain, sailkapeneko 12. postuan da, jaitsierako puntuak zehazten dituzten taldeek baino garaipen bat gehiago lortuta.
Bestalde, Oses Construccion Ardoik ez du aukerarik izan Perfumerias Avenida liderraren kontra; Nafarroako taldeak 91-62ko emaitzarekin galdu zuen partida, eta sailkapeneko azkena da, orain arte hiru garaipen soilik eskuratuta.
Kutxabank Araski ere mailari eusteko lehian sartuta dago, bete-betean. Gasteizko taldeak galdu egin du Jairisen aurka (64-57), eta 11. postuan da, jaitsieran dagoen Ensino baino garaipen bat gehiagorekin.
Azkenik, Lointek Gernika Bizkaiak porrot egin du Movistar Estudiantesen aurkako lehian (74-55), eta play-off postuetatik atera da. Gernika-Lumoko taldea sailkapeneko 9. postuan da, 8 garaipen eta 8 porroteko balantzearekin.
Hurrengo zuzenekoak
13 | 22:30 - 00:30 | ERREMONTEA | ''Erremontari'' saioaren 3. jardunaldia |
Ezagutu 2025eko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa