Saskibaloia
Eurocup
EITB MEDIA
Bizkaiko taldeak ostegunean zuen partida, hilaren 12an, Ramat Hasharon taldearen etxean, baina goizean ez bidaiatzeko erabakiaren berri eman du, eta arratsaldean FIBAk partida bertan behera geratu dela konfirmatu du.
Lointek Gernikako taldea ez da Israelera bidaiatuko aste honetan. Argazkia: EITB Media.
Lointek Gernika Bizkaia ez da Israelera joango asteazkenean, urriaren 11n, biharamunean Ramat Hasharon taldearen etxean, Tel Avivetik oso gertu, partida jokatzeko, astelehenean Bizkaiko klubak iragarri duenez. Erabakia hartzeko, Lointek Gernikak kontuan izan du "asteburuan Israelen sortu den egoera; izan ere, gerra egoera ezarri dute". Halaber, Lointek Gernikak nabarmendu du Iberiak Tel Aviverako hegaldiak bertan behera utzi dituela.
Arratsaldean, talde bizkaitarrak bere erabakiaren berri eman eta ordu batzuetara, FIBAk neurketa bertan behera geratu dela konfirmatu du. Norgehiagoka noiz jokatuko den datozen asteetan zehaztuko dute. EITBren asmoa neurketa ematea zen, ETB4n eta eitb.eus-en.
Testuinguru horretan, Gernika-Lumoko erakundeak gogora ekarri duenez, aste honetan hasiko da Eurocupeko multzoen fasea, eta Lointek Gernika D multzoan dago, Israelgo Ramat Hasharon, Frantziako Lattes-Montpellier eta Poloniako MB Zaglebie Sosnowiec taldeekin batera. Aurreneko jardunaldian, ostegunean, hilaren 12an, jokatu behar zuen Israelen, Ramat Hasharon-Lointek Gernika partida jokatzea.
Hala ere, "egungo egoera kontuan izanik", taldea "ez da asteazkenean Israelera joango, aurreikusita zegoenez", azpimarratu du Lointek Gernikak. Kluba larunbatetik ibili da harremanetan "Espainiako Saskibaloi Federazioarekin, FIBArekin eta Espainiako Gobernuko Atzerri Ministerioarekin, Israelgo egoeraren bilakaera eta bertara bidaiatzeko aukera aztertzeko".
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa