Saskibaloia
Emakumezkoen Endesa Liga
A. B. E. | EITB Media
Gernika-Lumoko taldeak sei puntuko abantaila lortu zuen Endesa Ligako play-offetako final-laurdenetako joaneko neurketan, baina itzulikoa hamabi puntugatik galdu duenez, titulua lortzeko aukerarik gabe geratu da.
Casademont Zaragoza - Lointek Gernika Bizkaia partidako jokaldi bateko irudia. Argazkia: @GKesb
Lointek Gernika Bizkaia Emakumezkoen Endesa Liga irabazteko aukerarik gabe geratu da igande honetan, apirilaren 23an, Casademont Zaragozaren aurka 64-52ko emaitzarekin galdu ostean play-offetako final-laurdenetako itzuliko partida.
Joaneko neurketan sei puntuko errenta eskuratu zuen Gernika-Lumoko taldeak, neurketa 75-69ko emaitzarekin irabazita, baina itzulikoa 12 puntugatik galdu duenez, kanporatuta geratu da.
Hasiera kaskarra eman dio Lointek Gernikak itzuliko partidari. Ana Montañanak zuzendutako taldea 13-0 galtzen hasi da, eta ia zortzi minutu behar izan ditu estreinako saskiratzea sartzeko (13-2). Lehen laurdenean jaun eta jabe izan da Casademont Zaragoza eta Aragoiko taldeak zazpi puntuko abantaila erdietsi du (13-5).
Bigarren laurdenean ere nagusi izan da Zaragoza, eta zuloa ireki du markagailuan (31-15), 16 puntuko abantaila lortuta. Oso maldan gora jarri zaio neurketa Lointek Gernikari, eta erasoan gehiago asmatu duen arren, aurkako 34-18ko emaitzarekin joan da atsedenaldira.
Atsedenaldiaren ostean, ez da aldatu norgehiagokaren gidoia. Etxeko taldea nagusi izan da, eta Gernika-Lumokoa ezinean ibili da. Saiatu da aldeak murrizten Bizkaiko taldea, baina ezin izan du. Hala, Zaragozak aldeko 49-34ko emaitzarekin ekin dio azken laurdenari.
Bazirudien dena galduta zeukala Lointek Gernika Bizkaiak, baina ez da horrela izan. Aña Montañanak zuzendutako neskek ez dute etsi, azkeneraino jarraitu dute borrokan, eta bederatzi puntura hurbildu dira amaierarako lau minutu falta zirenean. Gainera, partida bukatzeko 31 segundoren faltan zortzira jarri da Lointek Gernika. Hala ere, Casademont Zaragoza hobeto ibili da defentsako zein erasoko lanean, eta Aragoiko taldeak bereganatu ditu garaipena (64-52).
Fitxa teknikoa:
64 - Casademont Zaragoza (13+21+15+15): Mariona Ortiz (18), Tate (4), Fiebich (7), Alonso de Armiño (-), Gatling (9) -hasierako taldea- Grande (13), Vega Gimeno (2), Oma (7) eta Geldof (4).
52 - Lointek Gernika Bizkaia (5+13+16+18): Ygueravide (9), Busch (12), Spreafico (1), Meskonyte (-), Da Silva (2) -hasierako taldea- Wojta (17), Alberdi (-), Bura (3) eta Ariztimuño (8).
Epaileak: Eric Carrera, Cristian Martin eta Jose Javier Marqueta. Gatling (35. min), Spreafico (38. min), Wojta (40. min) eta Ygueravide (40. min) kanporatu dituzte.
Hurrengo zuzenekoak
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa