21:58

Saskibaloia

Eurokopa

Lointek Gernikak puntu bateko abantaila lortu du Enea Gorzowen aurka (79-78), final-hamaseirenetako joanekoan

EITB Media

Gernika-Lumoko taldeak mendean hartu du Poloniakoa 79-78ko emaitzarekin Malosten jokatu den Eurokopako final-hamaseirenetako joaneko neurketan. Kanporaketa Polonian erabakiko da.

  • Lointek Gernika BIzkaia

    Lointek Gernikako jokalariak, zaleak agurtzen Gorzow mendean hartu ostean. Argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Lointek Gernika Bizkaiak garaipena bereganatu du InvestInTheWest Enea Gorzowen aurka, 79-78ko emaitzarekin, asteazken honetan (urtarrilak 4) Malosten (Gernika-Lumo) jokatu den Eurokopako final-hamaseirenetako kanporaketako joaneko partidan. Ondorioz, Bizkaiko taldeak puntu bateko abantailarekin ekingo dio datorren astean Polonian jokatuko duen itzuliko norgehiagokari.

Hasierako minutu parekatuen ostean (2-2 eta 5-5), nagusi izaten hasi da Lointek Gernika, eta 9 puntuko errenta lortu du (17-9). Poloniako taldeari kosta egin zaio aurkaria gelditzea, baina lanean jarraituta, aldeak murriztu ahal izan ditu. Lehen hamar minutuen amaieran sei puntuko abantaila bereganatu du etxeko taldeak (22-16).

Indartsu ekin dio Lointek Gernikak bigarren laurdenari, errenta handituta (28-19). Hala ere, lehen laurdenean gertatu bezala, poloniarrak desabantaila murrizten hasi, eta bi puntura gerturatu dira (34-32). Ondoren, bi taldeetako bat ere ez da gai izan markagailuan zuloa zabaltzeko. Azkenean, etxeko taldea aldeko 41-37ko emaitzarekin joan da aldageletara (41-37).

Atsedenaldiaren ondoren, markagailuan gorabeherak izan dira nagusi. Hirugarren laurdena amaitzeko hiru minutu eta 40 segundo falta zirenean aurrea hartu du Gorzowek (50-52). Puntu bakarreko abantailarekin heldu da Lointek Gernika Bizkaia laurdeneko azken 10 segundoetara, eta hirugarren laurdena bukatzear zenean Roso Buchek hiruko garrantzitsua sartu du (63-59).

Azken laurdenaren hasieran errenta mantentzeko gai izan da Lointek Gernika. Dena den, pixkanaka, gero eta hobeto jokatzen hasi da Poloniako taldea, eta emaitza berdindu du (68-68), amaierarako bost minutu falta zirenean. Gorzowek indarberrituta egin die aurre amaierako bost minutuei. Talde bisitariaren hiru puntuko abantaila azkar utzi du ezerezean etxeko taldeak, eta pil-pilean heldu da neurketa azken minutura. Lau puntuko abantaila hartu du Poloniako taldeak (74-78). Maldan gora jarri zaio neurketa Lointek Gernika Bizkaiari, baina Ana Montañanak zuzentzen dituen neskek desabantaila murriztu dute, eta puntu bateko errentarekin heldu dira azken hamar segundoetara (79-78), Cvitkovicek sartutako hirukoari esker. Hamar segundo izan ditu Gorzowek garaipena bereganatu ahal izateko, baina ez du baloi-jabetza baliatu, eta, amaieran, Lointek Gernika Bizkaia izan da irabazle.

Fitxa teknikoa:

79 - Lointek Gernika Bizkaia (22+19+22+16): Ygueravide (29), Roso Buch (3), Spreafico (8), Cvitkovic (9) eta Sofia Silva (4) -hasierako taldea-; Ariztimuño (3), Brooque Williams (6), Meskonyte (11), Bura (6), Olaia Arenas eta Maialen Idiri.

78 - TheWest Enea Gorzow (16+21+22+19): Allen (12), Wadoux (3), Keller (2), Senyurek (16) eta Smith (23) -hasierako talde-; Horvat (17), Matkowska (3) eta Bazan (2).

Partzialak: 22-16, 41-37 (atsedenaldia); 63-59 eta 79-78 (amaiera).

Epaileak: Alessandro Perciavalle (Italia), Diogo Martins (Portugal) eta Martin van Hoye (Bélgica). Spreafico kanporatu dute, 40. minutuan.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena