Saskibaloia
Eurokopa 2022-2023
A. B. E. | EITB Media
Gipuzkoako taldeak irabazi egin dio Zabiny Brnori (91-80) multzoen faseko bigarren jardunaldiko partida. Bestalde, Bizkaiko taldeak galdu egin du Umana Reyer Veneziaren kontra (59-76).
IDK Eukotren taldeko jokalariak, zaleak agurtzen. Argazkia: EITB Media
IDK Euskotrenek bere lehen garaipena lortu du Eurokopan asteazken honetan (azaroak 2) Donostian Zabiny Brno (91-80) mendean hartuta multzoen faseko bigarren jardunaldian. Bestalde, Lointek Gernika Bizkaiak galdu egin du Umana Reyer Veneziaren aurka (59-76) Gernika-Lumon.
Estreinakoz ari da Eurokopa jokatzen IDK Euskotren eta lehen jardunaldian porrota jaso ostean, txapelketa honetan lehenengoz irabaztea erdietsi du; gainera, etxean bereganatu du garaipena, bere zaleen aurrean. Gipuzkoako taldeak sei puntuko abantailarekin itxi du lehen laurdena (27-21), eta bigarrenean errenta handitu du (52-43). Atsedenaldiaren ostean, Txekiar Errepublikako taldeak desabantaila murriztu du (71-65). IDK Euskotreneko jokalariak ez dira urduri jarri azken hamar minutuetan eta lan bikaina eginda neurketa irabazi dute 91-80ko emaitzarekin.
Garaipen honi esker Donostiako taldeak Brno gainditu du K Multzoko sailkapenean. Ostegunean jokatuko den Basket Lattes-ASVEL Lyon partidan lidertza egongo da jokoan, bi taldeek garaipena lortu baitzuten lehen jardunaldian.
Fitxa teknikoa:
91 - IDK Euskotren (27+25+19+20): Adams (21), Yurena Díaz (12), Vanesa Jasa (2), Natalia Rodriguez (5) eta Coulibaly (21)-hasierako taldea- Cardaño (2), María España (19), Kadri- Ann Lass (7), Ana Esnal (2) eta Cristina Soriano.
80 - Zabiny Brno (21+22+22+15): Cunane (11), Hamzova (10), Holmes (14), Stoupalova (12) eta Zaplatova (9)-hasierako taldea- Burtova, Cechova, Manusova (9), Knezevic (10), Soukalova (3) eta Vackova (2).
Epaileak: Nagy (Hungaria), Torok (Hungaria) eta Bongiorni (Italia). Ez dute inor kanporatu.
Lointek Gernika Bizkaiaren porrota
Lointek Gernika Bizkaiak galdu egin du Umana Reyer Veneziaren kontra (59-76) jokatu duen Eurokopako multzoen faseko bigarren jardunaldiko norgehiagoka. Lehen laurden ona egin du Bizkaiko taldeak Veneziak lau puntuko abantaila lortu duen arren (10-14). Atsedenaldira iritsi aurretik, talde bisitariak errenta handitu du (25-34). Veneziak garaipena bideratuta utzi du hirugarren laurdenean (44-55) eta festa biribildu du azken hamar minutuetan (59-76).
Venezia da H Multzoko liderra bitik bi partida irabazita. Movistar Estudiantes eta Lointek Gernika Bizkaia dira bigarren eta hirugarren hurrenez hurren garaipen eta porrot banarekin. Azken postuan dago Rutronik Stars Keltern orain arte jokatutako bi neurketak galduta.
Fitxa teknikoa:
59.- Lointek Gernika Bizkaia (10+15+19+15): Ygueravide (8), Williams (12), Spreafico (11), Wojta (11) eta Silva (10) -hasierako taldea-; Buch (3), Ariztimuño, Cvitkovic (4) eta Meskonyte.
76.- Umana Reyer Venecia (14+20+21+21): Yasuma (8), Delaere (13), Fassina (3), Shepard (14) eta Kuier (17) -hasierako taldea-; Cubaj, Madera (4), Meldere, Santucci (7) eta Villa (10).
Partzialak: 10-14, 25-34 (atsedenaldia), 44-55 eta 59-76 (amaiera).
Epaileak: Paul Unsworth (Britainia Handia), Michal Sosin (Polonia) eta Stephen Ferriss (Britainia Handia). Ez dute inor kanporatu.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa