Saskibaloia
Eurokopa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Itzuliko partida datorren asteazkenean jokatuko dute gernikarrek, Fontetan.
Blake Dietrick aurkari bat gainditu nahian. Argazkia: @GKesb
Lointek Gernikak hamar puntuz galdu du asteazken honetan, Malosten, Valentzia Basketen aurka (61-71), eta horrek asko zaildu dizkio Eurokopako final-zortzirenetako kanporaketa gainditzeko aukerak.
Guztiz zorigaiztokoa izan den azken laurdenean (11-25), bizkaitarrek lehen 30 minutuetan erakutsitako sendotasun guztia galdu dute, eta ez dira gai izan Joy Brown hegaleko amerikarra (17 puntu, 13 errebote eta 26ko balorazioa) eta Meiya Tirera pibot maliarra (16) gelditzeko.
Lointek Gernikarentzat dena aldrebestu da Nilokina Milic taldeko izarrari (16, 6 eta 19) laugarren falta adierazi diotenean, amaierara heltzeko 6:50 falta zirenean. Orduan, markagailuak islatzen zuen emaitza 52-49koa zen.
Mario Lopezen jokalariek azken txanpan jasan duten itzalaldira arte, pibot bosniarrak laguntza ona jaso du Belen Arrojo (10, 6 eta 14) eta Blake Dietrick estatubatuarrarengandik (13 eta 4 asistentzia).
Valentziak hobeto ekin dio norgehiagokari, 0-4 eta 4-12 aurreratu baita Abaldek eta Casasek sartutako puntuek bultzatuta, baina Gernikak erreakzionatu egin du, eta, aurretik jarri gabe izan bada ere, markagailua parekatu du lehen laurdenaren amaieran (16-17) Arrojoren grinarekin.
Bigarren laurdenean, ordea, markagailua irauli egin da, eta zazpi puntu goitik jarri dira gernikarrak (28-21), atsedenaldira arte akatsik egin gabe jardun duen Milicen iaiotasunari esker (5/5, biko jaurtiketetan; 12 puntu). Dena den, neurketa erabakitzeke zegoen bigarren zatian (32-29).
Hirugarren laurdena ildo beretik joan da, etxekoena izanik jokoaren ekimena (48-41 amaierara iristeko 12:11ren faltan). Haatik, guztia aldatu da azken hamar minutuetan.
Etxekoen jokoaren geldialdia iritsi denean, bisitariek 13 puntuko aldea bereganatu dute (58-71); alabaina, Itziar Ariztimuñok azken hatsean sartutako hirukoak gernikarren itxaropenak elikatu ditu, datorren astean Fontetan jokatuko den itzuliko partidari begira.
Fitxa teknikoa:
61 - Lointek Gernika Bizkaia (16+16+18+11): Gaby Ocete (8), Blake Dietrick (13), Margaret Roundtree (6), Belén Arrojo (10) eta Nikolina Milic (16) -hasierako bostekoa-; Gintare Mazionyte (2), Naiara Diez, Itziar Ariztimuño (3) eta Juana Molina-Prados (3).
71 - Valentzia Basket (17+12+17+25): Anna Gomez (6), Queralt Casas (15), Joy Brown (17), Tamara Abalde (4) eta Meiya Tirera (16) -hasierako bostekoa-; Julia Reisingerova (7), Roso Buch (4), Jana Raman (2) eta Irene Gart.
Epaileak: Paulo Marques (Portugal), Alfred Jovovic (Kroazia) eta Sonia Teixeira (Portugal). Meiya Mirera kanporatu dute faltengatik (39. min).
Hurrengo zuzenekoak
28 | 11:00 - 14:00 | PILOTA | Afizionatuen Diario Vasco Txapelketa |
28 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Artola-Mariezkurrena II vs Elordi-Zabaleta |
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa