20:15

Saskibaloia

Munduko Saskibaloi Txapelketa

Frantzia, AEBko selekzioa kaleratu ostean, eta Australia finalerdietan izango dira

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Argentinaren eta Espainiaren aurka jokatuko dute, hurrenez hurren, ostiralean jokatuko diren hurrengo kanporaketetan.

  • Evan Fournier eta Donovan Mitchell neurketako une batean.

    Evan Fournier eta Donovan Mitchell neurketako une batean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Frantziak irabazi egin dio Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) selekzioari (79-89) Txinan jokatzen ari den Saskibaloiko Munduko Txapelketako final-laurdenetan, eta, hartara, estatubatuarrak dominen borrokatik kanpo geratu dira. Australia ere ostiralean lehiatuko diren finalerdietan izango da Txekiar Errepublikari gailendu eta gero (82-70).

Azken bi txapelketako (2010 eta 2014) garaileak ezinean ibili dira frantziarren aurrean. Urdinak jaun eta jabe izan dira erreboteen arloan (28-44), eta ehuneko hobeak pilatu dituzte jokoan zehar egindako jaurtiketetan zein jaurtiketa libreetan.

Evan Fournier eskoltaren (22 puntu, 3 errebote eta 4 asistentzia) eta Rudy Gobert pibotaren (21 puntu eta 16 errebote) gidaritzapean Frantzia 10 puntuz irabazten izan da atsedenalditik bueltan (43-53, 22. min). Ondoren, estatubatuarren erreakzioa etorri da, eta partida amaitzeko hiru minuturen faltan lehia guztiz parekatuta egon da (76-76).

Dena den, frantziarrek aurrea hartzea lortu dute berriro (76-80) Fournierrek ahurpalaz utzitako saskiratze bati esker eta Goberten birrintze baten bidez. Gerora heldu dira Nando de Colok jaurtiketa libreen gunetik lortutako lau saskiratzeak, neurketa behin betiko erabakita utzi dutenak.

Donovan Mitchellen (29 puntu eta 6 errebote), Marcus Smarten (11 puntu) eta Kemba Walkerren (10 puntu) ekarpenak ez dira nahikoa izan Gregg Popovichek zuzentzen duen taldeak txapelketan aurrera egien jarrai zezan.

Hartara, Frantziak Argentinaren aurka jokatuko ditu txapelketako finalerdiak datorren ostiralean, Pekinen, Euskal Herriko 12:00etan.

Fitxa teknikoa:

89 - Frantzia (18+27+18+26): Evan Fournier (22), Frank Ntilikina (11), Rudy Gobert (21), Amath M'Baye (2), Nicolas Batum (6) –hasierako bostekoa– Axel Toupane (1), Vincent Poirier (-), Nando de Colo (18), Andrew Albicy (5), Paul Lacombe (-), Mathias Lessort (3) eta Louis Labeyrie (-).

79 – Ameriketako Estatu Batuak (18+21+27+13): Kemba Walker (10), Donovan Mitchell (29), Miles Turner (2), Joe Harris (5), Harrison Barnes (4) –hasierako bostekoa–, Brook López (-), Khris Middleton (5), Mason Plumlee (-) Marcus Smart (11), Jayson Tatum (-), Derrick White (4) eta Jaylen Brown (9).

Patty Mills, Australiako joko-antolatzailea. Argazkia: EFE

Bi ordu lehenago, Espainia eta Australia izango dira aurrez aurre lehendabiziko finalerdian. Ozeaniarrek Txekiar Errepublikako selekzioaren lepotik bereganatu dute dominen lehian izateko eskubidea.

Europa erdialdeko taldeak 25 minutu eutsi dio norgehiagokari (43-43); aitzitik, hurrengo hiru minutu eta erdian jaso duen 14 eta 0eko partziala (57-43) erabakigarria suertatu da neurketaren nondik norakoan.

Australiarren aldetik, Patty Mills izan da, beste behin ere, izar nagusia (24 puntu, 6 asistentzia eta 4 errebote), Goulding eskoltaren jarioarekin batera (14 puntu). Txekiarren artean, berriz, Tomas Satoransky joko-antolatzailearen jardun ikusgarria nabarmendu da (13 puntu, 13 asistentzia eta 9 errebote), baita Patrik Auda pibotarena ere (21 puntu).

Fitxa teknikoa:

82 - Australia (17+16+30+19): Matthew Dellavedova (9), Patty Mills (24), Joe Ingles (6), Aron Baynes (6), Jock Landale (7) –hasierako bostekoa–, Andrew Bogut (10), Mitch Creek (2), Chris Goulding (14), Nic Kay (4) eta Nathan Sobey (-).

70 – Txekiar Errepublika (17+13+18+22): Tomas Satoransky (13), Ondrej Balvin (0), Jaromir Bohacik (8), Vojtech Hruban (2), Martin Kriz (4) –hasierako bostekoa–, Tomas Vyoral (-), Lukas Palyza (-), Martin Peterka (7), Jakub Sirina (-), Blake Schilb (5), Pavel Pumprla (10) eta Patrik Auda (21).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena