14:32

Baskonia

Endesa Liga

Baskoniak arnasa hartu du Bilbao Basket menderatuta (67-69)

G. P. A. | EITB Media

Pablo Lasoren taldea, oro har, nagusi izan da, baina azken minutuetan Bilbao Basket suspertu egin da, eta derbiaren amaiera emozio handikoa izan da. Chima Monekek partida ikusgarria egin du eta erabakigarria izan da.

5:58
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Baskoniak garaipen garrantzitsua lortu du Endesa Ligan, Bilbao Basket Miribillan 67-69 menderatuta. Gasteizko taldeak ez du joko ikusgarria egin, eta azken zatian espero baino gehiago sufritu du, Jaume Ponsarnauren mutilak suspertu egin direlako. Alabaina, Bilboko taldearen susperraldia berandu iritsi da, eta, azkenean, Baskoniak eraman du euskal derbia, Chimo Monekek erakustaldia emanda.

Horrenbestez, Pablo Lasoren taldeak amaiera eman dio Ligan zeraman bolada txarrari; Bilbao Basketek, berriz, segidako laugarren porrota jaso du, eta jaitsierako postuetara erortzeko zorian dago.

Lehen zatia oso parekatua izan da, Baskonia une oro aurretik izan bada ere. Gasteizko taldea hobeto ibili da defentsako lanetan nahiz erasoko jokoan, eta Bilbao Basketek baino hiruko gehiago sartu ditu (4).

Etxeko taldeak, berriz, 13 jaurtiketa egin ditu kanpoaldetik, baina bi bakarrik saskiratu ditu, eta horrek markatu du bi taldeen arteko aldea lehendabiziko bi laurdenetan.

Edonola ere, norgehiagoka intentsitate handikoa izan da hasieratik, eta bi taldeek dena bigarren zatian erabakitzeko utzi dute (32-40).  

Atsedenaldiaren ostean, Pablo Lasoren gizonek martxa bat gehiago sartu dute, eta hirugarren laurdena oso bizia izan da. Bilbao Basketek baloi asko galdu ditu, Baskoniak egindako presioaren ondorioz.

Hala ere, "beltzezko gizonek" baloia berreskuratu duten bakoitzean, azkar atera dira kontraerasoan; horrela, markagailuan aldea gehiegi ez haztea lortu dute, eta bizirik iritsi dira azken laurdenera (48-57).

Derbiaren azken txanpan, Jaume Ponsarnauren taldea suspertu egin da, eta emozio handiko amaiera izan da. Baskonia estu hartu du, baina hiruko jaurtiketetan ez du asmatu, eta larrutik ordaindu du.

Gainera, Gasteizko taldea gehien sufritzen ari zenean, Monekek bere mailari eutsi dio, eta puntu erabakigarriak sartu ditu, beltzezko gizonei markagailua iraultzeko itxaropena zapuztuta. Bukaeran, uste baino gehiago sufrituta izan bada ere, Baskonia gailendu da, 67-69, eta bolada txarrari amaiera eman dio, Bilbao Basketen kaltetan.

FITXA TEKNIKOA

67 - Surne Bilbao Basket (14+18+16+19): Pantzar (7), Kullamae (7), Zoran Dragic (3), De Ridder (8) eta Hlinason (17); Frey (8), Abdur-Rahkman (6), Ruben Dominguez (2), Gielo (5), Jones (4) eta Sylla.

69 - Baskonia (20+20+17+12): Forrest (5), Baldwin (7), Sedekerskis (12), Moneke (24) eta Hall (9); Howard (1), Rogkavopoulos (4), Diop (2), Jaramaz (2) eta Raieste (3).

Partzialak: 14-20, 32-40, 48-57 eta 67-69.

Epaileak: Benjamin Jimenez, Sergio Manuel eta Alberto Sanchez Sixto. Ez dute inor kanporatu.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    20 16:15 - 19:00 PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena