22:48

Baskonia

Euroliga

Baskoniak lehen zati txarra jokatu du Monakoren aurka, eta galdu egin du Buesa Arenan (75-87)

EITB MEDIA

Euskal taldea 23 puntuz ari zen galtzen atsedenaldian, 24-47, eta ezin izan du hasiera oker hori zuzendu, nahiz eta hirugarren laurdenean bost puntura ere jarri den. Pablo Lasoren taldeak, horrenbestez, laugarren aldiz jarraian jaso du porrota Euroligan.

  • Donta Hall, saskiratzea lortu nahirik, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Donta Hall, saskiratzea lortu nahirik, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Baskoniak galdu egin du Monakoren aurka, 75-87, 2024-25 denboraldiko Euroligako hamargarren jardunaldian, Buesa Arenan, Gasteizen, ostegun gauean. Ondorioz, euskal taldeak sailkapenean 4 garaipen dituela jarraitzen du, txapelketako 10 partida jokatuta, eta, behin-behinean, hamabigarren postuan dabil. Laugarren aldiz jarraian galdu du Baskoniak Euroliga honetan.

Monako argi nagusitu da lehen laurdenean, horren amaieran 7-24 ari baitzen galtzen Baskonia. Lehen minutu horietan, etxeko taldeak ez du erasoan asmatu, eta Sasa Obradovicen gizonek Pablo Lasoren jokalariek baino 8 errebote gehiago hartu dituzte (6-14). Bigarren laurdenak baieztatu egin du Arabako taldeak ez diola norgehiagokari batere ondo ekin: Monako 27 puntuz ere ibili da gailentzen (18-45 eta 20-47), kanpoko taldea askoz gehiago zen kantxan, eta Baskoniak ez zuen modurik topatzen egoerari buelta emateko. Atsedenaldian, 24-47ko emaitza ari zen islatzen Buesa Arenako markagailua. Donta Hall izan da Baskoniako onena lehen zatian, 8 puntu sartu eta 5 errebote hartuta.

Suspertu beharra zuen Baskoniak, eta hirugarren laurdenean egin du. Ikusgarria izan da Gasteizko taldearen lana hamar minutu horietan. Chima Moneke bikain aritu da, Baskoniak oso sendo jokatu du defentsan, eta zaleek bultzada handia eman diote etxeko taldeari. 31-14ko partziala erdietsi du Baskoniak hirugarren laurdenean, eta, horren amaieran, Monako 55-61 ari zen gailentzen. Monekek 14 puntu sartu ditu hirugarren zatian, eta Baskoniak 5 puntura ere izan du aurkaria.

Monakok indarra erakutsi du azken laurdenean. Baskoniak ezin izan du markagailua berdindu, eta Sasa Obradovicen taldeak erantzun egokia eman dio. Azkenean, 75-87koa izan da azken emaitza. Monakok merezita irabazi du, eta Baskoniak ezin izan dio eutsi hirugarren laurdenean erakutsitako maila onari.

Fitxa teknikoa

75 - Baskonia (7+17+31+20): Baldwin (6), Luwawu-Cabarrot (9), Sedekerskis (16), Moneke (16) eta Hall (12) -hasierako bostekoa-; Jaramaz (2), Rogkavopoulos (11), Ndiaye (-), Forrest (2), Howard (-) eta Diop (1).

87 - Monako (24+23+14+26): Mike James (15), Strazel (8), Blossongame (9), Brown (7) eta Motiejunas (5) -hasierako bostekoa-; Papagiannis (8), Loyd (9), Diallo (9), Okobo (15) eta Cornelie (1).

Epaileak: Tomislav Hordov (Kroazia), Robert Vyklicky (Txekia) eta Marko Juras (Serbia).

Gertakizunak: 9.049 zale bildu dira Buesa Arenan. Partida hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin dute, Amado Ubis Baskoniako jokalari ohiaren omenez.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 12:00 - 14:00 HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa
    25 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena