Baskonia
Euroliga
EITB MEDIA
Dusko Ivanovicen taldea aurreneko partidan baino hobeto ibili da, eta gehiago asmatu du, baina aurkariak ere jokatu du hobeto, eta azkenean zuriek eskuratu dute garaipena. Kanporaketa Gasteizera doa orain, eta asteazkenean jokatuko dute hirugarren partida.
Chris Chiozza, Sergio Rodriguez eta Rudy Fernandez, jokaldi batean. Argazkia: EFE.
Baskoniak bigarren aldiz galdu du, WiZink Centerren, Real Madril aurkari, 2023-24 denboraldiko Euroligako play-offean, bigarren partidan, ostegunean, eta, horrenbestez, talde zuria 2-0 ari da gailentzen irabazleari Berlingo Lauko Finalerako txartela bermatuko dion kanporaketan. Play-offeko bigarren neurketa 101-90 amaitu da.
Asteartean, kanporaketako aurreneko partida bukatuta, Dusko Ivanovicek Baskoniako jokalari guztiei eskatu zien hobera egitea, bigarren norgehiagokari begira. Bere gizonek erantzun egokia eman diote, eta lehenengo partidan baino hobeto aritu dira, baina Real Madrilek ere egin du gora, eta, horrenbestez, lehia ona izan dugu ikusgai, biek ala biek minutu ikusgarriak eskaini dituztelako, baina, azkenean, Gasteizko taldearen aurkariak eskuratu du puntua, 2-0ekoa.
Ez dio Baskoniak batere erraz jarri, dena den. Chima Moneke berriro bajan zela, euskal taldeak bi puntu behetik itxi du lehen laurdena, 23-21, hein handi batean asmatu egin duelako hiruko jaurtiketekin. Atsedenaldian, ezer ez zegoen erabakita, markagailua 46-40koa baitzen. Hirugarren laurdena giltzarria izan da, Real Madrilek orduan aurkitu baitu Baskonia argiago gainditzeko modua, baina, azken hamar minutuak jokatu aurretik, 74-63ko emaitzarekin, Baskonia itxaropentsu egoteko moduan zegoen oraindik.
Azken laurdenean, zuriek errazago kontrolatu dute jokoa, eta 23 puntuz ere izan dira gailentzen. Arabako taldeak ez du amore eman, eta azkeneko markagailuak, 101-90eko horrek, ondo laburbiltzen du zer jazo den kantxan: Real Madrilek merezita irabazi du, baina Baskoniak badu zer esanik play-offean, Gasteizko zaleen babesa izango baitute.
Fitxa teknikoa
101 - Real Madril (23+23+28+27): Campazzo (24), Musa (-), Hezonja (7), Yabusele (16), Tavares (10) -hasierako bostekoa-; Poirier (10), Deck (10) Llull (13), Sergio Rodríguez (8), Rudy Fernandez (3).
90 - Baskonia (21+19+23+27): Miller-Mcintyre (13), Costello (10), Sedekerskis (9), Marinkovic (20), Rogkavopoulos (9) -hasierako bostekoa-; Diez (3), Howard (12), Kotsar (3), Chiozza (8), Raieste (3) eta Theodore (-).
Epaileak: Fernando Rocha (Portugal), Sasa Pukl (Eslovenia) eta Jakub Zamojski (Polonia). Ez dute inor kanporatu.
Gertakizunak: 10.688 zale izan dira Madrilgo WiZink Centerren.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa