Baskonia
EUROLIGA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gasteizko taldeak garaipen garrantzitsua lortu du, Euroligako Fase Erregularrean goian jarraitzeko. Markus Howard base estatubatuarraren lan bikaina azpimarratu behar da, 28 puntu lortu baititu.
Baskonia-Fenerbahce, Euroligako partidan. EFE
Baskoniak garaipen garrantzitsua lortu zuen asteazkenean, Buesa Arenan Fenerbahce 80-79 mendean hartuta, 2023-2024 Euroligako Fase Errregularrean goian jarraitzeko. Markus Howard bikain aritu zen.
Base estatubatuarraren lana erabakigarria izan zen, beste behin ere, Dusko Ivanovicen taldearentzat. Bigarren laurdenean aurkariak markagailuan 15 puntu aurretik jartzea lortu zuenean, Howard arduratu zen Gasteizko taldeak aukerak izaten jarraitzeko lan egiteaz. Era berean, garaipena lortzeko ezinbestekoa izan zen hirukoa ere berak sartu zuen. Estatubatuarrak 28 puntu egin zituen, Maik Kostar taldekidearen laguntzaz.
Baskoniak ez zuen ondo hasi norgehiagoka. Izan ere, kosta egin zitzaion bisitarien fisiko indartsuari aurre egitea, baita uztaia ikustea ere. Lehen 10 minutuetan, 10 puntu baino ez zituzten lortu Ivanovicen gizonek. Fenerbahcek ez zuen ahultasun hori aprobetxatu, baina Wilbekinen hiruko batek 0-10eko partziala eman zion, eta 10-18 amaitu zuen lehen laurdena.
Baskoniak asmatu gabe segitzen zuen, ez erasoan ezta defentsan ere, erasorako errebotean zuen nagusitasunari etekinik ezin aterata. Orduan, Markus Howardek hartu zuen gidaritza, Buesa Arena zutik jarrita. Hiruko bat, 2 puntuko saskiratze bat gehi jaurtiketa osagarria gauzatuta eta 3ko bat gehi osagarria sartuta, gasteiztarrak partidan sartu zituen Howardek. Horrenbestez, aurretik joan zen Baskonia atsedenera, Miller-McIntyrek hiruko ikusgarri bat saskiratu ostean.
Aldageletatik bueltan, berdinduta egin zuen aurrera neurketak. Howarden lanari esker, 57-52 jarri zen irabazten Baskonia, eta jokoa menderatzen jarraitu zuen. Hala ere, Fenerbahcek ez zuen amore eman, eta 77-79 aurretik zela iritsi zen azken 14 segundoetara. Howardek ez zuen huts egin azken txanpan, Gudurici 3 puntukoa gehi puntu osagarria bat aterata. Azkenean, Baskonia izan zen nagusi, 80-79.
FITXA TEKNIKOA
BASKONIA: Miller-McIntyre (11), Marinkovic (13), Diez (-), Sedekerskis (2) eta Kotsar (15) —hasierako boskotea—; Howard (28), Moneke (3), Diop (-), Rogkavopoulos (5) eta Mannion (3).
FENERBAHCE: Calathes (3), Guduric (14), Pierre (7), Hayes-Davis (19) eta Motley (11) —hasierako boskotea—; Sanli (3), Wilbekin (7), Dorsey (9), Madar (6) eta Sestina (-).
PARTZIALAK: 10-18, 28-19, 19-18 eta 23-24.
EPAILEAK: Rocha, Bissang eta Gragojevic. Ez zuten inor kanporatu.
PABILOIA: Fernando Buesa Arena.
Hurrengo zuzenekoak
28 | 11:00 - 14:00 | PILOTA | Afizionatuen Diario Vasco Txapelketa |
28 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Artola-Mariezkurrena II vs Elordi-Zabaleta |
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa