Baskonia
Play-offak
Agentziak | EITB Media
Joan Peñarroyaren taldeak garaipena behar zuen lehiaketan bizirik jarraitzeko, baina Badalonako taldea Gasteizkoa baino gehiago izan da Endesa Ligako play-offetako final-laurdenetako kanporaketan.
Albisteak (2)
Cazoo Baskoniak agur esan dio denboraldiari, Joventuten aurkako final-laurdenetako kanporaketako bigarren partida galduta (83-76). Ondorioz, Joventut da Endesa Ligako finalerdietarako txartela lortu duen lehen taldea. Errege Kopan ere, Joventut izan zen Gasteizko taldearen borreroa.
Baskonia ez da batere fin ibili erasoan. Markus Howardek bakarrik eutsi dio ohiko mailari (16 puntu), baina Darius Thompson makal aritu da, eta horrek eragin zuzena izan du taldearen errendimenduan. Kataluniako taldeari dagokionez, Kyle Guy bikain aritu da, ez Gasteizen jokatutako lehen partidan bezain ikusgarri, baina erabakigarria izan da, 22 puntu lortu baititu. Puntu horietako 11 hirugarren laurdenean egin ditu, eta horrek bere taldearen alde jarri du partida. Errebotea ere erabakigarria izan da: 42 errebote lortu ditu Joventutek, eta 31, berriz, Baskoniak.
Badalonako norgehiagoka Buesa Arenakoa amaitu bezala hasi da. Carles Duranen taldearen lehen saskiratzea Kyle Guyren hiruko bat izan da, beste bat ere sartu du ia jarraian, eta, ondoren, Vives taldekideak beste bat. Hala ere, hasiera hori ez da nahikoa izan Baskonia atzean uzteko. Howardek eta Diezek ere asmatu dute hiruko marratik, eta lehen laurdena alde handirik gabe amaitu da (21-19).
Bigarren laurdenean, Gasteizko taldea hobeto hasi da, eta 33-36 aurreratu da, baina boladak ez dio asko iraun. Howard eserlekura joan bezain laster, Joventutek aurrera egin du berriro, eta min handia egin dio Baskoniari kanpoko jaurtiketekin (16 puntu laurden honetan). 7-0eko partziala eginda, sei puntuko aldearekin heldu da atsedenaldira (46-40).
Hirugarren laurdenean, gauzak gehiago okertu dira. Howard kantxatik atera behar izan dute, hirugarren falta egin baitu, eta Guy 'esnatu' egin da berriro: 11 puntu egin ditu hegaleko estatubatuarrak laurden horretan. Guyk berak egin du laurden honetako azken saskiratzea, hiruko ikusgarri bat, azken segundoan: 71-62.
Azken laurdena
Badalonako zaleak bero-bero jarri ditu bere taldearen jokoak, eta Duranen taldeak aldea handitu du (77-62). Hala ere, etxekoek ia bost minutu eman dituzte saskiratzerik egin gabe. Bisitariek aukera baliatu dute, eta 81-74 hurbildu dira azken minutuetan, baina erreboteetan kale egin dute eta ezin izan dute markagailua irauli. Azkenean, Baskonia galtzaile (83-76). Horrela, Gasteizko taldeak ezusteko amaiera eman dio denboraldiari.
Fitxa teknikoa
83-. CLUB JOVENTUT BADALONA: Vives (15), Guy (22), Parra (3), Brodziansky (13) eta Tomic (6) --hasierako boskotea--; Kraag (3), Ellenson (2), Birgander (6), Feliz (13), Ventura (-) eta Busquets (-).
76-. CAZOO BASKONIA: Thompson (15), Marinkovic (3), Giedraitis (14), Costello (5) eta Kotsar (12) --hasierako boskotea--; Howard (16), Heidegger (5), Díez (3) eta Sedekerskis (3).
Partzialak: 21-19, 25-21, 25-22 eta 12-14.
Epaileak: Hierrezuelo, Aliaga eta Manuel. Howard kanporatu dute, falten ondorioz.
Hurrengo zuzenekoak
28 | 17:15 - 20:15 | PILOTA | Binakakoa: Artola-Mariezkurrena II vs Elordi-Zabaleta |
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa