Baskonia
EUROLIGA
A. B. R | EITB MEDIA
Gasteiztarrek bigarren laurdenean lortutako errenta baliatu dute partida irabazteko. Markus Howard izan da etxekoen izarra 28 puntu lortu ostean.
Marcus Howard. Foto: EFE
Baskoniak 92 eta 86 garaitu du Real Madril ostegun honetan (abenduak 29) jokatutako Euroligako 16. jardunaldiko partidan. Joan Peñarroyak zuzentzen duen taldea 16 puntuko abantailarekin joan da atsedenaldira, baina kanpotarrek markagailua estutu dute bigarren zatian. Markus Howard izan da etxekoen izarra 28 punturekin.
Partidako hasierako minutuak oso biziak izan dira. Baskoniak eraginkortasuna izan du hiruko marratik lehenengo erasoetan; Real Madrilek, aldiz, lehenengo puntuak lortu ditu barnealdeko jokoan jaun eta jabe izan den Tavares bikain bati esker. Kanpotarrek partida haustea bilatu dute (13-18), baina Marcus Howard Baskoniako joko antolatzaileak lehian mantendu ditu gasteiztarrak. Lehenengo laurdena 24 eta 28ko emaitzarekin bukatu da.
Bigarren laurdenean zuriak fin atera dira hiruko marratik. Chus Mateok zuzentzen duen taldeak 8 puntuko abantaila lortu du (26-34), baina Baskoniaren erreakzioa arin iritsi da (38-34). Real Madril ez da gai izan etxekoen bolada ona gelditzeko, eta Baskoniak, Marcus Howardek ezarri duen erritmora, aldeak handituz jarraitu du. Estatubatuarrak Buesa Arena altxatu du bere lehen zati apartarekin; atsedenaldira 21 punturekin iritsita, Baskoniaren aldeko markagailua 59-43koa izan da.
Hirugarren laurdenean Real Madrilek defentsa gogortu, eta aldeak murriztu ditu (63-55). Joan Peñarroyak hutsartea eskatu du, baina ez da nahiko izan zurien bultzaldia gelditzeko (65-60). Howardek jarraitu du taldea gidatzen, eta Baskoniak 73-69ko aldeko markagailu estuarekin heldu da azken hamar minutuetara.
Azken laurdena saskiratze trukaketarekin hasi da. Giedraitisek jarraian lortutako bi hirukok arnasa eman diote Baskoniari (79-73). Hain zuzen ere, Lituaniako jokalariak 8 puntuko abantaila eman dio Baskoniari 2 minutu eta erdiren faltan (86-78). Real Madril ez da fin ibili azkeneko erasoetan eta Baskoniak zigilua jarri dio 11. garaipenari segidan (92-86). Honi esker, Euroligako lehen postuetan jarraituko du talde arabarra.
Fitxa teknikoa:
92 - Cazoo Baskonia (24+35+14+19): Thompson (2), Howard (28), Giedraitis (21), Diez (-) y Kotsar (-) , Henry (10), Marinkovic (3), Enoch (2), Hommes (12), Costello (12) eta Sedekerskis (2).
86 – Real Madrid (28+15+26+17): Sergio Rodriguez (4), Abalde (-), Musa (6), Cornelie (9) y Tavares (15) , William-Goss (16), Causeur (7), Llull (-), Hezonja (5), Deck (17), Yabusele (5) eta Poirier (2).
Epaileak: Sreten Radovic (KRO), Ioannis Foufis (GRC), Rain Peerandi (EST).
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa