Baskonia
EUROLIGA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Neven Spahijaren taldeak lau neurketa galdu ditu jarraian Euroligan, zazpi garaipenekin jarraitzen du eta gero eta urrutiago du zortzi onenen artean sailkatzeko aukera.
Matt Costtello eta Alec Peters aurkari baten saskiratzea oztopatu nahian. Argazkia: EFE
Bitci Baskoniak burua altxatu ezinik jarraitzen du aurtengo Euroligako Fase Erregularrean; izan ere, galdu egin zuen Zenit San Petersburgo Errusiako taldearen aurka (82-90), Fernando Buesa Arenan atzo jokatutako neurketan, bigarren zati kaskarra jokatuta.
Hala, 2022. urtea hasi zenetik, gasteiztarrek ez dute garaipenik lortu Europako txapelketa nagusian, eta ezin izan zuten azkenaldiko bolada txarra eten, Errege Koparako sailkapenik gabe geratu eta gero.
Ondorioz, Euroligan lau lehia irabazi gabe kateatu eta gero, Neven Spahijaren taldeak gero eta urrutiago ikusten du lehen zortzi onenen artean sailkatzeko aukera; izan ere, arabarrek zazpi garaipenekin iltzatuta jarraitzen dute, eta zortzigarren tokia lau garaipenera aldendu zaie dagoeneko.
Baskoniak Alec Peters eta Matt Costello jokalariak berreskuratu zituen neurketarako, eta ondo jardun zuen lehen zatian, 50 puntu erdietsita. Bigarrenean, ostera, 32 baino ezin izan zituen lortu.
Aurkaria, ordea, baja garrantzitsuak izan arren, besteak beste, Gudaitis, Ponitka edota Frankamp, norgehiagokari buelta emateko gai izan zen. Baskoniarrek euren burua markagailuan azpitik ikusi zutenean behera egin zuten, eta hori baliatu zuten errusiarrek garaipena bereganatzeko.
Horrenbestez, Rokas Giedraitisek (21 puntuko balorazioa), Wade Baldwinek (16 puntu) jokatutako partida txukuna, edota Steven Enochek tartetak azaldutako distira uneak ez ziren nahikoa izan Gasteizko taldearen dinamika kaskarra aldatzeko.
Fitxa teknikoa:
82 - Bitci Baskonia (24+26+14+18): Granger (13), Baldwin (16), Giedraitis (14), Fontecchio (8) eta Enoch (15) —hasierako bostekoa—, Lamar Peters (7), Raieste (-), Costello (2) eta Alec Peters (7).
90 - Zenit (22+22+18+28): Loyd (23), Karasev (7), Kulagin (8), Mickey (16) eta Poythress (7) —hasierako bostekoa—, Carter (2), Volkhin (-), Kuzminskas (3), Baron (24) eta Zubkov (-).
Epaileak: Ilija Belosevic (Serbia), Gytis Vilius (Lituania) eta Carmelo Paternico (Italia). Baskoniako Lamar Peters 37. min), Steven Enoch (40. min) eta Jayson Granger (40. min) jokalariak kaleratu zituzten bost falta egiteagatik.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa