Baskonia
Euroliga
A. B. E. | EITB Media
Arabako taldeak porrota jaso du 72-68ko emaitzarekin Lituanian jokatu duen Euroligako 13. jardunaldiko partidan.
Zalgiris - Baskonia. Argazkia: @Baskonia
Bitci Baskoniak galdu egin du Zalgirisen aurka (72-68) ostegun honetan Kaunasen (Lituania) jokatu duen Euroligako 13. jardunaldiko partida. Arabako taldeak hiru neurketa jarraian galdu ditu txapelketa honetan.
Norgehiagokaren hasieran Zalgiris nagusitu da, eta etxeko taldeak lehen abantailak erdietsi ditu (8-4 eta 12-7). Baskoniak azkar erantzun du desabantaila murriztuta (16-15), eta lehen laurdena Lituaniako taldearen aldeko 21-19ko emaitzarekin amaitu da.
Ondo ekin dio Baskoniak bigarren laurdenari, neurketa berdinduta eta lehenengoz markagailuan aurretik jarrita (24-25). Ondoren, ordea, Zalgiris izan da nagusi, eta min egin dio Arabako taldeari hiruko jaurtiketen bidez. Baskoniak huts asko egin ditu erasoan, eta etxeko taldea zortzi puntuko errentarekin (40-32) iritsi da atsedenaldira.
Hasiera kaskarra eman dio Bitci Baskoniak hirugarren laurdenari, eta Zalgirisek hamaika puntuko abantaila lortu du (45-34). Hala ere, Gasteizko taldea hobeto jokatzen hasi da 25. minututik aurrera. Sedekerskisek hartu du saskiratzeak sartzeko erantzukizuna, puntuak pilatu ditu, eta Baskoniak bi puntura murriztu du desabantaila (45-43). Laurdenaren azken txanpan, aldiz, etxeko taldeak zortzi puntuko errenta lortu du (51-43), azken laurdenera aldeko 51-46ko emaitzarekin helduta.
Kosta egin zaio Baskoniari desabantaila murriztea, baina amaierarako hiru minutu falta zirenean partida berdindu du, Grangerrek bi hiruko jarraian sartuta (63-63). Ordutik aurrera, ordea, berriro huts asko egin ditu Gasteizko taldeak, Zalgirisek zuloa zabaldu du markagailuan (71-65), eta garaipenak ez die ihes egin lituaniarrei (72-68).
Fitxa teknikoa:
72 - Zalgiris Kaunas (19+13+14+22): Kalnietis (10), Strelnieks (5), Milaknis (6), Cavanough (9) eta Nebo (10) -hasierako taldea-, Lekavicius (13), Dragic (-), Blazevic (8), Webster (4), Miniotas (2) eta Ulanovas (5).
68 - Bitci Baskonia (21+19+11+21): Granger (11), Baldwin (7), Giedraitis (6), Sedekerskis (7) eta Enoch (13) -hasierako taldea-, Lamar Peters (10), Fontecchio (12), Marinkovic (-), Nnoko (2) eta Kurucs (-).
Epaileak: Borys Ryzhyk (Ukraina), Elias Koromilas (Grezia) eta Igor Dragojevic (Montenegro). Kanporaturik gabe.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa