20:51

Baskonia

EUROLIGA (7. JARDUNALDIA)

Zenitek ere gogor zigortu du Baskonia (83-54)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gasteiztarrek ondo ekin diote partidari, baina bigarren laurdenaren erdialdetik aurrera desagertzen hasi dira modu ulertezinean, 24-0eko partziala jasota.

  • Alex Poythress Landry Nnokoren defentsa gainditu nahian.

    Alex Poythress Landry Nnokoren defentsa gainditu nahian. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

San Petersburgoko Zenitek Bitici Baskoniak Errusian zehar egindako ibilbidean bizitakoa amesgaiztoa larriagotu du ostiral honetan, 83-54ko emaitzarekin zigortu baitu Gasteizko taldea, Errusian. Dusko Ivanovicenak ez dira gai izan lehen laurdenean erakutsitako mailari eusteko, eta beste kolpe latz bat jaso dute Euroligako zazpigarren jardunaldian.

Asteazkenean Kazanen 83-69 galdu ondoren, arabarrek zazpi puntu baino ez dituzte sartu bigarren eta hirugarren laurdenetan, eta horrek partzial ikaragarria ekarri du etxekoen alde (44-14, bi laurdenen artean), Baskoniaren ezintasuna baliatuta.

Jordan Loyd (20 puntu, 8 errebote eta 4 asistentzia) izan da Xavi Pascualen taldeko onena. Errusiarrak jaun eta jabe agertu dira erreboteko lanean eta 107 puntuko balorazio pilatu dute guztira; Baskoniak, aldiz, 40 puntu baino ez, eta, gainera,% 36 baino gutxiagoko eraginkortasuna izan dute jaurtiketetan.

Baskoniak ondo ekin dio neurketari, eta lehen laurdena agintzen hasi da, besteak beste, Jayson Grangerren bi hirukorekin (0-3, 7-13, 13-21), eta hala goitik amaitu du tarte hori (21-23). Hala ere, lehen 10 minutuak bukatu ostean, markagailuan zegoen aldeak ez du benetan irudikatu Ivanovicen taldeak egindako lan ona.

Bigarren laurdenari ere ezin hobeto ekin diote gasteiztarrek, 0-7ko partzialarekin (21-30). Baina San Petersburgokoak defentsa tenkatu dute, eta are partzial handiagoarekin zigortu dute Baskonia (16-0), eta agintzen jarri dira markagailuan, atsedenaldira iristeko 3 minuturen faltan (37-30).

Ivanovicek bi hutsarte eskatu ditu partzial hori eteteko asmoz, baina ezinezkoa izan da. Arabarrei guztiz itxi zaie errusiarren saskirako bidea, eta ez dira inolako punturik erdiesteko gai izan, ezta jaurtiketa libreen bidez ere (Baldwinek izan dituen biak huts egin ditu).

Azkenerako, Xavi Pascualek zuzentzen duen taldearen aldeko 24-0ko partzialarekin amaitu da laurdena (45-30), eta neurketa hortxe geratu da erabakita.

Aldageletatik bueltako hasierako minutuetan, saskiratze trukatzea egon da bi taldeen artean, eta horrek mesede egin die berriro etxekoei, euren gizonen banakako talentuari esker abantaila areagotu baitute. Hala, Zenitek jarraian sartutako hiru hirukok errenta 28 punturaino igo du.

Erreboteetan zegoen alde nabarmenak zerikusi zuzena izan du Baskoniaren neurketa txarrean, eta partziala 44-7ra arte areagotu da 16 minuturen buruan. Horrek arabarrak erabat amore emanda geratzea eragin du, inolako ideiarik gabe (65-37).

Dusko Ivanovicen mutilek sentsazio hobeekin bukatu nahi izan dute neurketa, baina Zenitek mailari eutsi dio, eta ezinezkoa egin zaie gasteiztarrei.

Fitxa teknikoa:

83 - Zenit (21+24+20+18): Loyd (20), Ponitka (4), Kulagin (12), Mickey (10) eta Gudaitis (8) -hasierako bostekoa- Zakharov (-), Poythress (8), Zubkov (6), Kuzminskas (3), Baron (10), Frankamp (2) eta Karasev (-).

54 - Bitci Baskonia (23+7+7+17): Granger (13), Baldwin (12), Fontecchio (12), Costello (1) eta Nnoko (9) -hasierako bostekoa-, Barrera (-), Sedekerskis (-), Marinkovic (-), Enoch (4) eta Kurucs (3).

Epaileak: Robert Lottermoser (Alemania), Tomislav Hordov (Kroazia) eta Uros Obrknezevic (Serbia). Ez dute inor kanporatu.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena