Baskonia
Euroliga
A. B. | EITB Media
TD Systems Baskoniak 82-97ko emaitzarekin lortu du garaipena Euroligako 32. jardunaldiko partidan. Gainera, Real Madrilen eta Zeniten porrotek mesede egin diote.
Vildoza (Baskonia) jaurtiketa egiten Mitoglouren (Panathinaikos) aurrean. Argazkia: EFE
Albisteak (3)
TD Systems Baskoniak garaipena lortu du Panathinaikosen aurka (82-97) jokatutako Euroligako 32. jardunaldiko partidan eta play-offetara sailkatzeko aurrerapauso handia eman du. Real Madril eta Zenit aurkari zuzenen porrotek mesede egin diote Gasteizko taldeari.
Hasieran erritmoa hartzea kosta zaio Baskoniari eta Panathinaikosek abantaila txikia hartu du (12-8). Hala ere, hiruko jaurtiketetan fin ibili dira Dusko Ivanovicek zuzentzen diten mutilak, eta horrek markagailuan aurrea hartzea ekarri du. Batez ere Achille Polonara eta Alec Peters jokalarien hirukoei esker, aldeko 21-25eko emaitzarekin amaitu ditu Baskoniak lehen hamar minutuak.
Bigarren laurdenari ondo ekin dio Arabako taldeak, baina Panathinaikosek lortu duen 7-2ko partzialak neurketa estutu du atsedenaldira iristeko lau minutu falta zirenean (34-39). Etxeko taldearen bolada ona mozten jakin du Baskoniak, berriro erasoan asmatzea lortu du, eta zortzi puntuko errentarekin heldu da atsedenaldira (41-49).
Atsedenaldiaren ostean ez da partidaren gidoia aldatu, eta Baskoniaren nagusitasuna nabarmenagoa izan da defentsan asko hobetu baitu Ivanovicek zuzendutako taldeak. Neurketa haustea eta 16 puntuko abantaila lortzea erdietsi du Baskoniak (51-67), nahiz eta laurdenaren amaieran Panathinaikosek desabantaila pixka bat murriztea lortu duen (59-72).
Norgehiagoka honetan Dusko Ivanovic entreantzaileak ez du Youssoupha Fall kantxaratu; nahiago izan du jokalari azkarragoak erabiltzea, eta partida honetan asmatu egin du. Panathinaikos ezinean ibili da azken laurdenean, Arabako taldeak kontrolpean izan du norgehiagoka, eta garaipena Baskoniarentzat izan da (82-97).
Fitxa teknikoa:
82 - Panathinaikos Opap (21+20+18+23): Sant-Ross (14), Hezonja (14), Papapetrou (3), Mitoglu (22) eta Auguste (-) -hasierako taldea-, Papagiannis (7), Mack (3), Bochoridis (8), Kaselakis (-), Aaron White (-) eta Bentil (11).
97 - TD Systems Baskonia (25+24+23+25): Henry (11), Giedraitis (25), Sedekerskis (4), Polonara (22) eta Diop (-) -hasierako taldea-, Vildoza (4), Peters (9), Dragic (22) eta Kurucs (-).
Epaileak: Ilija Belosevic (Serbia), Carmelo Paternico (Italia) eta Milan Nedovic (Eslovenia). Kanporaturik gabe. Teknika adierazi diote Panathinaikoseko aulkiari (15. min) eta entrenatzaieari (28. min).
Hurrengo zuzenekoak
27 | 18:00 - 20:00 | IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria |
28 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa