Baskonia
Bayernen aurka (78-71)
A. B. | EITB Media
TD Systems Baskoniak 78-71ko emaitzarekin irabazi dio Bayern Munichi Euroligako 29. jardunaldiko partida.
Jekiri (Baskonia), Baldwini (Bayern) baloia kendu nahian. Argazkia: EFE
TD Systems Baskoniak garaipen garrantzitsua lortu du Bayern Munichen aurka (78-71) Buesa Arenan jokatu duen Euroligako 29. jardunaldiko partidan. Lehen zortzi postuetan sartzeko ia ezin du hutsik egin Gasteizko taldeak, eta ostiral honetako norgehiagokan ez du kale egin.
Hasiera ona eman dio Baskoniak neurketari (4-0), baina Bayernek azkar erantzun, eta aurrea hartu du markagailuan (6-8). Ondoren, defentsako erreboteetan nagusi izan da Arabako taldea, Jekiri taulapean nagusi izan da erasoko jokoan eta Henryk sartutako hiruko bati esker, lau puntuko errenta eskuratu du (17-13). Lehen hamar minutuak 17-15eko emaitzarekin amaitu dira.
Bigarren laurdenaren hasieran zazpi puntuko abantaila eskuratu du Baskoniak (24-17), baina Bayernen erreakzioa bikaina izan da, eta alemaniarrak neurketa berdindu du (24-24), atsedenaldira iristeko bost minutu falta zirenean. Geroago, laurdenaren azken minutuan aurretik jarri da Bayern Munich (30-33), baina TD Systems Baskoniak lehia berdindu du, Henryk laurdenaren azken segundoan sartu duen hirukoari esker (33-33).
Atsedenaldia ondo etorri zaio Baskoniari, eta Arabako taldeak Bayern txikitu du hirugarren laurdenean. Lau minututan 16 puntuko errenta eskuratu du (49-33) Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldeak. Bayern jota geratu da, eta Baskoniak 25 puntuko abantaila izan du (60-35) azken laurdenera iristeko hiru minutu geratzen zirenean. Hala ere, hiru minutu horietan desabantaila murriztea lortu du Bayern Munichek (60-45).
Garaipena bideratuta izan du Arabako taldeak azken laurdenari ekin dionean, baina Bayern nagusi izan da, eta sufritzea egokitu zaio Baskoniari. Neurketako amaitzeko bi minutu falta zirenean zazpi puntura murriztu da Ivanovicek zuzentzen duen taldearen abantaila (73-66). Gainera, Bayernek aldeak gehiago murrizteko aukera izan du, baina Petersek eten du Alemaniako taldearen erasoko jokaldia, baloia lapurtuta. Amaieran, garaipena Baskoniarentzat 78-71eko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
78 - TD Systems Baskonia (17+16+27+18): Henry (9), Giedraitis (15), Sedekerskis (-), Polonara (15) eta Jekiri (15) -hasierako taldeal-, Vildoza (8), Fall (2), Peters (11), Diop (-) eta Dragic (-).
71 - Bayern Munich (15+18+12+26): Baldwin IV (13), Weiler-Babb (-), Lucic (17), Johnson (4) eta Reynolds (18) -hasierako taldea-, Kraemer (6), Seeley (4), Flaccadori (-), Zipser (9), Gist (-), Sisko (-) eta Radocevic (-).
Epaileak: Sasa Pukl (Eslovenia), Tomislav Hordov (Croacia) eta Uros Nikolic (Serbia). Andrea Trinchieri Bayern Municheko entrenatzailea egotzi dute 23. minutuan.
Hurrengo zuzenekoak
28 | 11:00 - 14:00 | PILOTA | Afizionatuen Diario Vasco Txapelketa |
28 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Artola-Mariezkurrena II vs Elordi-Zabaleta |
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa