20:50

Baskonia

Euroliga

Baskoniak jipoia jaso du CSKAren aurka, lehen partidan

eitb.eus

Kirolbet Baskoniak 94-68ko emaitzarekin galdu du Euroligako final-laurdenetako lehen neurketa. Hirugarren laurdenean hautsi du norgehiagoka Moskuko taldeak.

  • CSKA - Baskonia. Argazkia: EFE

    Hilliard, CSKA - Baskonia partidan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kirolbet Baskoniak porrota jaso du CSKA Moskuren aurka (94-68) jokatu duen Euroligako final-laurdenetako kanporaketako lehen partidan. Ondorioz, CSKAk abantaila hartu du (1-0) Gasteizko Lauko Finalerako bidean.

Bizi eta lehiakortasun handiarekin hasi da norgehiagoka. Parekotasuna izan da nagusi hasierako minutuetan, eta bi taldeetako bat ere ez da gai izan abantaila handiak hartzeko. Lehen laurdena amaitzeko minutu bat falta zenean, lau puntuko errenta eskuratu du talde errusiarrak (21-17), baina Baskoniak azkar erantzun du, Janningen hiruko batekin (21-20). Azken segundoak bikain baliatu ditu Arbako taldeak, eta puntu bateko abantailarekin (23-24) amaitu ditu lehen hamar minutuak.

Bigarren laurdenari ere erritmo biziarekin ekin diote bi taldeek. CSKAk lau puntuko abantaila hartu du hasieran (30-26), baina laurdenaren erdialdera iristean, puntu bakarrera hurbildu da Hilliardek sartutako hiruko ikusgarri bati esker (32-31). Ondoren, aurrea hartu du Arabako taldeak (32-33), eta hiru puntuko errenta eskuratu du (32-35) atsedenaldira heltzeko hiru minutu falta zirenean. Defentsako lan bikaina egin du Kirolbet Baskoniak eta zailtasunak eragin dizkio CSKA Moskuri saskiratzeak lortzeko orduan. Puntu bakarrera hurbildu da CSKA (34-35), eta Perasovicek zuzentzen duen taldek berriro lau puntuko abantaila hartu du (34-38), baina Sergio Rodriguezen kalitateari esker, aurretik jarri da Errusiako taldea (39-38). Zazpi eta hutseko partzialari esker, hiru puntu aurretik ipini da CSKA, eta bolada txarra Vildozak moztu du bi jaurtiketa libre sartuta (41-40). Hala ere, Moskuko taldeak bi gehi bateko jokaldia baliatu du bigarren laurdenaren azken txanpan, eta aldeko 44-40ko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.

Shieldsen hiruko batekin ekin dio Kirolbet Baskoniak hirugarren laurdenari (44-43), baina Sergio Rodriguezek bi hiruko jarraian sartu ditu, eta zazpi puntuko abantaila eman dio CSKAri (52-45). Hiruko jaurtiketetan asmatzen hasi da Moskuko taldea, eta beste hiru hiruko sartu ditu; bi Kurbanovek eta beste bat Clyburnek. Ondorioz, 14 puntuko errenta eskuratu du CSKA Moskuk (61-47). Erakustaldia eman du Sergio Rodriguezek laurden honetan, eta bere taldea garaipenerantz gidatu du. Kirolbet Baskonia ezinean ibili da, eta 21 puntuko desabantailarekin amaitu du (73-52).

Huts eta bosteko partzialarekin ekin dio Kirolbet Baskoniak azken laurdenari (73-57). Hala ere, hasierako partzial horrek ez du jarraipenik izan, eta Arabako taldeak ezin izan du emaitza estutu, aurkaria urduri jartzeko. Hiruko jaurtiketen bitartez saiatu da aldeak murrizten Perasovicek zuzentzen duen taldea, baina jokalariek ez dute asmatu. Ondorioz, lasai jokatu ahal izan du CSKA Moskuk, eta garaipena erdietsi du (94-68).

Fitxa teknikoa:

94 - CSKA Mosku (23+21+29+21): Rodriguez (19), Higgins (12), Kurbanov (10), Clyburn (10) eta Hunter (7) -hasierako taldea-, De Colo (11), Bolomboy (3), Peters (4), Ukhov (3), Vorontsevich (3), Hackett (7) eta Hines (5).

68 - Kirolbet Baskonia (24+16+12+16): Vildoza (5), Shields (17), Garino (4), Voigtmann (2) eta Poirier (12) -hasierako bostekoa-, Huertas (5), Janning (5), Diop (-), Shengelia (6) eta Hilliard (12).

Epaileak: Luigi Lamonica (Italia), Olegs Latisevs (Letonia) eta Anne Panther (Alemania). Baskoniako Shields kanporatu dute 32. minutuan, bost fakta egiteagatik.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    29 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Laso-Iztueta

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena