Baskonia
24. JARDUNALDIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteiztarrek 12 partida irabazi dituzte, eta zortzigarren tokian jarraitzen dute sailkapenean.
Shavon Shields eta Ilimane Diop errebote bat lortu nahian. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniak ez du hutsik egin ostegun honetan, Zalgirisen aurka jokatu duen Euroligako 24. jardunaldiari zegokion partidan, eta garaipena lortu du Lituaniako taldearen aurka (80-73). Horren bidez, play-offetan sartzeko borrokan jarraitzen du bete-betean.
Lau dira, dagoeneko, gasteiztarrek Buesa Arenan kateatu dituzten garaipenak, Europako txapelketa horretan. Neurketaren gakoa atsedenaldira heldu aurretiko bost minutuak izan dira. Etxekoek tarte hori baliatu dute joko bikaina plazaratu eta erabakigarria suertatu den abantaila eskuratzeko (40-25), nahiz eta Baltikokoak saiatu diren markagailuari buelta ematen.
Shavon Shields estatubatuarra nabarmendu da beste guztien gainetik norgehiagokan zehar: 27ko balorazioa lortu du, 14 puntu saskiratu, 10 errebote hartu eta 4 asistentzia banatu eta gero. Luca Vildoza (16 puntu eta 14ko balorazioa) eta Marcelinho Huertas (11 puntu eta 17ko balorazioa) joko-antolatzaileek ere ekarpen handia egion diote taldeari neurketa irabazteko bidean.
Lituaniarren aldetik, Brandon Daviesek eta Deon Thompsonek arazoak eragin dituzte saskipean zenbait unetan, eta Marius Grigonisen eta Leo Westermannen puntuek markagailua estuarazi dute azken minutuetan. Aitzitik, azkenerako, etxekoak gailendu dira, partida korapilatzeko zorian egon bada ere.
Horrenbestez, Velimir Perasovic kroaziarraren taldeak 12 garaipen batu ditu jada (beste horrenbeste lehia ditu galduta), eta zortzigarren tokian jarraitzen du, Lauko Finalaren aurretik jokatuko diren kanporaketetan egoteko eskubidea ematen duen azken lekuan, hain zuzen ere.
Fitxa teknikoa:
80 - Kirolbet Baskonia (17+23+19+21): Vildoza (16), Janning (3), Shields (14), Voigtmann (13) eta Poirier (13) -hasierako bostekoa-, Huertas (10), Diop (4), Jalen Jones (-), Garino (1) eta Hilliard (5).
73 - Zalgiris Kaunas (12+13+27+21): Walkup (8), Grigonis (11), Ulanovas (8), Aaron White (3) eta Davies (13) -hasierako bostekoa-, Thompson (11), Westermann (5), Jankunas (4) eta Milaknis (7).
Epaileak: Sreten Radovic, Milivoje Jovcic eta Fernando Rocha. Hilliard (Baskonia) eta Walkup (Zalgiris) kanporatu dituzte bost faltagatik.
Hurrengo zuzenekoak
28 | 11:00 - 14:00 | PILOTA | Afizionatuen Diario Vasco Txapelketa |
28 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Artola-Mariezkurrena II vs Elordi-Zabaleta |
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa