Baskonia
82-76
eitb.eus
Kirolbet Baskoniak 82-76ko emaitzarekin galdu du Madrilen jokatu duen Endesa Ligako 20. jardunaldiko partida. Neurketa parekatua izan da, eta Real Madril da bigarren sailkapenean.
Tavares eta Poirier, Real Madril-Baskonia partidan. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniak porrota jaso du Real Madrilen aurka (82-76) Endesa Ligako 20. jardunaldiko partidan. Sailkapenean hirugarren da Arabako taldea, gaurko aurkariak gainditu egin baitu.
Erritmo biziarekin hasi da partida. Bi taldeek erasoan asmatu dute, eta lehen minutuetan bi taldeetako batek ere ezin izan du partida hautsi. Lehen laurdenaren azken txanpan lortu du Baskoniak sei puntuko abantaila (13-19), eta hasierako hamar minutuak Arabako taldearen aldeko 15-19ko emaitzarekin bukatu dira.
Bigarren laurdenaren hasieran Kirolbet Baskoniak zortzi puntuko errenta eskuratu du (15-23). Real Madril, ordea, ez da burua makurtzeko prest egon, eta hiru puntura murriztu du desabantaila (24-27). Laurdenaren erdialdetik atsedenaldira iritsi arte, neurketa parekatu egin da, eta berdinketarekin joan dira bi taldeak aldageletara (37-37).
Neurketaren gidoia ez da aldatu hirugarren laurdenean. Joko-maila bikaina eskaintzen jarraitu dute bi taldeek. Estu joan da partida laurden guztian zehar. Baskoniak hiru puntuko abantaila lortu du, baina Real Madrilek ere lortu du aurrea hartzea, eta bost puntuko abantaila lortu du (57-52) azken laurdenari ekiteko.
Kaskar ekin dio azken laurdenari Baskoniak. Real Madrilek 5-0eko partziala lortu, eta hamar puntuko desabantailarekin (62-52) maldan gora jarri zaio norgehiagoka Kirolbet Baskoniari. Hala ere, lanean jarraitu du Perasovicek zuzentzen duen taldeak, eta hiru puntura hurbildu da (76-73) partida maiatzeko bi minutu falta zirenean. Azken bi minutuetan , ordea, Baskoniak ez du erasoan asmatu, Real Madrilek hobeto kudeatu ditu azken segundoak, eta garaipena lortu du Pablo Lasok zuzentzen duen taldeak (82-76).
Fitxa teknikoa:
82 - Real Madril (15+22+20+25): Campazzo (7), Causeur (4), Deck (-), Randolph (18) eta Tavares (9) -hasierako taldea-, Rudy Fernandez (7), Reyes (5), Ayon (8), Carroll (10), Prepelic (7) eta Taylor (7).
76 - Kirolbet Baskonia (19+18+15+24): Vildoza (11), Janning (11), Shield (11), Poirier (12) eta Voigtmann (10) -hasierako taldea-, Huertas (8), Diop (2), Jones (2) eta Hilliard (9).
Epaileak: Daniel Hierrezuelo, Vicente Bulto eta Rafael Serrano. Matt Janning (36. min) kanporatu dute bost falta egiteagatik.
Hurrengo zuzenekoak
29 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Laso-Iztueta |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa