21:07

Baskonia

15. JARDUNALDIA

Kirolbet Baskoniak Khimki azpiratu du Moskun 77-85

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Perasovicen mutilek Euroligako zazpigarren garaipena lortu dute Khimkiren etxean, eta play-offetara gerturatu dira.

  • Shavon Shields.

    Shavon Shields (ezkereran) Andrey Zubkov (eskuinean) gainditu nahian. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kirolbet Baskoniak hirugarren garaipena lortu du jarraian etxetik kanpo Khimkiri irabazita (77-85) Euroliga fase erregularreko 15. jardunaldian. Garaipenare oinarrian Shavon Shieldsen eraginkortasuna (15 puntu hutsik egin gabe) eta Marcelinho Huertasen asistentziak egon dira. Emaitza horrek play-offak gertuago dituzte arabarrek.

Velimir Perasovicen jokalariek partida bikaina egin dute Errusiako hiriburuan. Errebotean sendo, perimetroan ere ondo; Baskoniak hasieratik ekin dio lanari, aurreko astean Bartzelonaren aurka jasotako porrotari buelta emateko asmoz.

Alexei Shved ez zegoen Khimkin, eta gasteiztarrek laster aurkitu dute bidea; 4. minutuan, markagailuak 3-12koa islatzen zuen. Markovic izan da onena etxeko taldean, eta hari esker ez du Baskoniak partida erabaki lehenago; hala ere, Perasovicen taldea ezin hobeto ibili da defentsa-lanetan, eta Shields nabarmendu da, halaber, erasoan.

Baskoniak asmatzea lortu du, baina Khimkik ez du amore eman, eta Georgios Bartzokasen taldeak gasteiztarren aldea murriztu du, aldageletara joan aurretik; izan ere, 21-34 zihoazen, baina atsedenaldia 36-43koarekin iritsi da.

Bigarren zatiko lehen jokaldietan, partida eten behar izan dute, minutu batzuetan, Tornike Shengelia Baskoniako kapitainak taula bateko kristala apurtu baitu, birrintze-ahalegin baten ondorioz.

Etenaldia ona izan da etxeko taldearentzat; hiru puntuko hiru saskiratze lortuz, berdinketa ezarri dute, 48na. Bazirudien euskal taldeak kontrolpean zuela neurketa, baina emaitzak ez zioen hori, beraz.

Baskoniak arazoak zituen, une horretan, errebotearekin, eta, gainera, saskiaren azpian puntuak erdiesteko ere zailtasunak izan ditu hirugarren laurdenean; Khimki aurretik jarri da, 54-52, 28. minutuan, eta azken laurdena ere aurretik hasi dute, puntu batengatik (58-57).

Orduan heldu da Baskoniaren erreakzio handia, azken laurdenean; 0-7ko partzial baten bidez, alde ona jarri du markagailuan, eta 15 puntuko aldea ere eskuratu dute gasteiztarrek. Horrela itxi dute partida.

Marcelinho Huertas izan da liderra, taldea zuzenduz; 77-85 irabazi du, azkenean, Baskoniak, nahiz eta errusiar taldeak erreakzioa izan duen, Jordan Mickeyren lanean oinarrituta.

Fitxa teknikoa:

77 - Khimki Mosku (19+17+22+19): Bost (8), Jenkins (13), Crocker (3), Zubkov (3) eta Malcolm Thomas (5) -hasierako bostekoa-, Vialtsev (-), Garlon Green (5), Zaytsev (1), Markovic (14), Monia (6) eta Mickey (19).

85 - Kirolbet Baskonia (27+16+14+28): Huertas (5), Janning (12), Shields (15), Voigtmann (14) eta Poirier (6) -hasierako bostekoa-, Vildoza (10), Diop (1), Shengelia (8) eta Hilliard (14).

Epaileak: Damir Javor (Eslovenia), Mehdi Difallah (Frantzia) eta Josip Radojkovic (Kroazia). Falta teknikoak: Vialtsev (16. min) eta Bartzokas (33. min).  Charles Jenkins kanporatu dute faltengatik (40. min).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    29 23:15 - 00:45 ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena