Gipuzkoa Basket
89-86
Erredakzioa
Garaipen garrantzitsua lortu du Delteco GBC taldeak Divina Seguros Joventuten aurka (89-86). Mailari eusteko borrokan sartuta segitzen du Donostiako taldeak.
Albisteak (3)
Delteco GBC taldeak 89-86ko emaitzarekin irabazi dio Divina Seguros Joventuti, Endesa Ligako 28. jardunaldiari dagokion norgehiagoka. Ondorioz, talde gipuzkoarrak aurrerapausoa eman du salbazioa lortzeko lehian.
Orain, sailkapenean berdinduta dago UCAM Murtziarekin (16. postuan). Dena den, Murtziako taldeek jokatzeke dute jardunaldi honi dagokion partida, Real Madrilen kontra. Albiste txarra da GBCrentzat Cafes Candelas Breoganek irabazi egin diola Unicajari, eta talde galiziarrak garaipen bateko aldea du talde gipuzkoarrarekiko.
Parekatua izan da lehen laurdena. Bi taldeei kosta egin zaie neurketa haustea. Bosgarren minutura iritsi aurretik, ordea, talde kataluniarrak sei puntuko abantaila hartu du (7-13), baina GBCren erantzuna azkar etorri da, lehia berdintzea lortuta (13-13). Geroago, Gipuzkoa Basketek aurrea hartu du (19-17), eta lehen hamar minutuen amaieran puntu bateko abantaila izan du (23-22).
Bikain ekin dio bigarren laurdenari Gipuzkoa Basketek. Nagusi izan da talde donostiarra, eta hamar puntuko errenta (35-25 eta 37-27) eskuratu du atsedenaldira iristeko 6 minutu falta zirenean. Ondoren, bost puntura murriztu du desabantaila Joventutek (37-32), baina laurdenaren azken txanpan Delteco GBC berriro nagusi izan da. Donostiako taldeak 13 punturainoko abantaila eduki du (47-34), eta bederatzi puntu goitik (49-40) joan da atsedenaldira.
Atsedenalditik bueltan, Gipuzkoa Basketek jarraitu du agintzen. Aurretik lortutako abantailak mantentzea lortu du GBCk, eta ez dio utzi Joventuti gehiegi gerturatzen. Delteco GBC 13 puntuko errenta hartzera heldu da berriro (53-40). Sei puntura hurbildu da Badalonako taldea (66-60), baina zortzi puntuko errenta lortu du Gipuzkoa Basketek (68-60), azken laurdenari ekiteko.
Ia amaierako laurden guztian zehar sei puntu edo gehiagoko abantaila izan du Gipuzkoa Basketek. Ematen zuen neurketa erabat kontrolpean zuela Delteco GBCk, baina amaierarako hiru minutu falta zirenean, puntu bakarrera gerturatu da Joventut (80-79). Ondoren, hiru puntuko aldea lortu du Gipuzkoa Basketek azken segundoetan (85-82 eta 87-84). Amaierako 15 segundoetan denetarik egon da: Gipuzkoa Basketek bost puntuko errenta izan du (89-84), kale egin du baloi-jabetzan, Joventut hiru puntura jarri da (89-86), huts egin du berriro GBCk, eta aukera eman dio aurkariari partida berdintzeko azken baloi-jabetzan. Hala ere, Laprovittolaren hiruko jaurtiketa ez da sartu, eta garaipena Donostian geratu da (89-86).
Fitxa teknikoa:
89.- Delteco Gipuzkoa Basket: Dani Pérez (27), Nevells (7), Salvo, Burjanadze (19), Sekulic (3) -hasierako taldea- Barro (7), Vobrov (4), Zeisloft (11), Rebec (9), Corbacho, Van Lacke (2), Maiza.
86.- Divina Joventut: Lopez Arostegui (5), Laprovittola (28), Dimitrejovic, Todorovic (20), Boungou -hasierako taldea- Colo (3), McFadden (13), Harangody, (10) , Ventura (1), Morgan (4), Delia (2), Parra.
Epaileak: Aliaga, Bulto eta Rial.
Emaitza laurden bakoitzaren amaieran: 23-22; 49-40 -atsedenaldia- 68-60; 89-86.
Hurrengo zuzenekoak
29 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Laso-Iztueta |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa