Bilbao Basket
FIBA Europa Kopa
EITB MEDIA
Jaume Ponsarnauren gizonek orain arte jokatutako bi partidak irabazi dituzte, bietan alde handiz. Georgian izandako norgehiagokan, Bilbao Basketek ez du zailtasunik izan aurkaria baino hobeto aritzeko.
BC Kutaisik ezin izan dio aurre egin Bilbao Basketen erasoko jokoari. Argazkia: EITB Media.
Surne Bilbao Basketek BC Kutaisi hartu du mendean, 57-88, 2024-25 denboraldiko FIBA Europa Kopako fase erregularreko bigarren jardunaldian, Tbilisi Arenan, Tbilisi Georgiako hiriburuan, asteazkenean, J multzoaren barnean. Horrenbestez, txapelketako aipatutako faseko bi partida jokatuta, Bilbao Basket multzoko lider dabil; Bizkaiko taldeak bi garaipen ditu, oso argiak biak, eta ez du neurketarik galdu.
Kristian Kullamae eta Thijs De Ridderrek bederatzi eta zortzi puntu sartu dituzte hurrenez hurren, eta nabarmendu dira Bilbao Basketen, lehen zatian, erasoko jokoan. Atsedenaldian, Jaume Ponsarnauren gizonek 21 puntuko aldea zuten, 26-47. Lehen laurdenean nahiko parean aritu dira bi taldeak, eta BC Kutaisi, une batzuetan, aurretik ere izan da; bigarren laurdenean, ordea, erabat hautsi da norgehiagoka, eta Bilbao Basketek 11-28ko partziala lortu du. Euskal Herriko taldea argiro zen gehiago, nagusi, Tbilisiko pabiloian.
Hirugarren laurdenean, Bilbao Basketek eroso jarraitu du; azken hamar minutuak gelditzen zirela, Ponsarnauren gizonak 42-70 ari ziren gailentzen. Kullamae eta De Ridder ondo aritu dira, beste behin, eta azpimarratzekoa da, halaber, Ruben Dominguez gaztea ere bikain ibili dela, jokaldi batzuetan. Bilboko taldearen garaipena bermatuta zegoela, azken laurdeneko asmo nagusia izan da zehaztea zenbat puntuko aldea lortu ahalko zuen Bilbao Basketek azkenean; amaieran, 57-88ko markagailua izan da, 31 puntu atera dizkio Bilboko taldeak aurkariari. Badirudi, orain arte ikusitakoa kontuan izanik, Bilbao Basket dela multzoko talderik onena; hori bai, oraindik ez du jokatu BC Prievidzaren aurka. Datorren astean bisitatuko du Eslovakiako talde hori.
Fitxa teknikoa
57 - BC Kutaisi 2010 (15+11+16+15): Ochkhikidze (4), Berishvili (3), Sulaberidze (9), Korsantia (17) eta Bekauri (10) -hasierako bostekoa-; Marquill Smith (5), Joiner (7), Soselia (2), Berekashvili, Kavtaradze eta Temo Dvalishvili.
88 - Surne Bilbao Basket (19+28+23+18): Kullamae (18), Abdur-Rahkman (13), Zoran Dragic (5), Gielo (7) eta Hlinason -hasierako bostekoa-, Pantzar (8), Dominguez (10), Rabaseda (7), De Ridder (12), Marvin Jones (4), Sylla (4) eta Chacon.
Epaileak: Zdravko Rutesic (Montenegro), Nikolaos Tziopanos (Grezia) eta Henri Hilke (Finlandia).
Gertakizunak: Zale gutxi bildu dira Tbilisi Arena pabiloian.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa