Bilbao Basket
FIBA Europe Cup
EITB MEDIA
Bilboko taldeak, gogoan izateko modukoa izan den partida batean, joaneko neurketako emaitza txarra irauli du; orduan, Legia Varsoviak 19 puntuko aldea lortu zuen, baina orain, itzulikoan, Bilbao Basketek buelta eman dio. Finalerdietan, Niners Chemnitz Alemaniako taldea izango da aurkaria.
Hlinason eta Holman, partidako jokaldi batean. Bilbao Basket finalerdietan da. Argazkia: EFE.
Surne Bilbao Basket 2023-24 denboraldiko FIBA Europe Cupeko finalerdietarako sailkatu da, asteazkenean, final laurdenetan Legia Varsovia kanporatuta. Bilboko taldeak 81-53 hartu du mendean, Miribillan, itzuliko partidan, Legia Varsovia, eta, horrenbestez, irauli egin du joaneko norgehiagokan Poloniako taldeak lortutako 19 puntuko aldea (83-64 amaitu zen neurketa hori). Gogoan izateko moduko gaua izan da Bilboko zaleentzat, eta Bilbao Basketek, finalerdian, Niners Chemnitz taldea izango du aurkari; Niners Chemnitz líder dabil Alemaniako Ligan. Kanporaketak Bilbon izango du aurreneko partida, eta martxoaren 27an eta apirilaren 3an jokatuko dute.
Euskal taldeak hasieratik erakutsi dio Legia Varsoviari kanporaketa gainditzeko erabateko asmoa zuela; izan ere, bigarren laurdeneko hasieran, partidako 13. minutuan, 38-18 ari ziren irabazten Ponsarnauren gizonak, 20 puntuz. Hori bai, azken laurdenean gauzatu du, azkenean, garaipena, ez aurretik.
Lehenengo laurdena 29-17 bukatu da, eta horrek bizitu egin du Bilbao Basket. Bigarrenean, 40-18 ere izan dira, baina Legia Varsovia suspertu egin da; bisitariek 0-12ko partziala lortu dute, eta, hala, argi utzi dute ez zutela amore emateko inolako asmorik. Hirugarren laurdenean, urduritasuna nagusitu da bi taldeetan, baina zaleen bultzadak, azken hamar minutuetan, behar zuen indarra eman dio Bilbao Basketi.
Bilbao Basketeko jokalari guztiak ibili dira ondo, baina Sacha Killeya-Jones nabarmendu da bereziki; izan ere, 19 puntu sartu eta 15 errebote harrapatu ditu. Kristian Kullamaek eta Melwin Pantzarrek ere asmatu dute erasoan: 13na puntu egin dituzte.
Fitxa teknikoa
81 - Surne Bilbao Basket (29+19+11+22): Renfroe (6), Kullamae (13), Reyes (3), Andersson (5), Killeya-Jones (19) -hasierako boskotea-; Pantzar (13), Adam Smith (6), De Ridder (4), Hlinason (9) eta Rigo (3).
53 - Legia Varsovia (17+15+10+11): Vital (15), Loren Jackson (8), Kolenda (10), Sobin (2) eta Holman (11) -hasierako boskotea-; Raymond Cowles (5), Marcel Ponitka (2), Wyka (-) eta Kulka (-).
Partzialak: 29-17, 48-32 (atsedenaldia), 59-42 eta 81-53 (amaiera).
Epaileak: Sinisa Prpa (Serbia), Valentin Oliot (Frantzia) eta Mehmet Karabilecen (Turkia). Ez dute inor kanporatu.
Gertakizunak: FIBA Europe Cupeko final laurdenetako itzuliko partida, Miribillan.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa