Bilbao Basket
70-69, Obradoiroren aurka
eitb.eus
RETAbet taldeak 70-69 galdu du Monbus Obradoiroren aurka Endesa Ligako 31. jardunaldiko partida. Amaierarako bi segundo falta zirenean sartu du garaipenaren hirukoa talde galiziarrak.
Albisteak (3)
RETAbet Bilbao Basketek porrot mingarria jaso du Monbus Obradoiroren aurka (70-69) Endesa Ligako 31. jardunaldiko partidan eta talde bizkaitarrak gero eta zailago du salbazioa lortzea. Jaka Lakovic entrenazaile berriaren debuta porrotarekin amaitu da.
Partidaren hasiera oso parekatua izan da. Bi taldeetako batek ere ez du lortu azkar alde egitea markagailuan, nahiz eta ia lehen laurden guztian zehar aurretik ibili den Bilbao Basket, 2 eta 3 puntuko errentak lortuta. Azken minutua aurkariak baino hobeto jokatu du talde bizkaitarrak eta 5 puntuko abantailarekin (15-20) amaitu ditu lehen 10 minutuak.
Bigarren laurdenean nagusi izan da RETAbet Bilbao Basket. Hiruko jaurtiketetan asmatu egin du Lakovicek zuzentzen duen taldeak eta Obradoiro ezinean ibili da. Defentsan sendo ibilita eta hiruko jaurtiketetan asmatuta, 14 punturainoko abantaila hartu du Bilbao Basketek (17-34). Galiziako taldeak ezin izan du Bilbao Basketen jokoa gelditu eta Bizkaiko taldea 17 puntuko errentarekin iritsi da atsedenaldira (20-37).
Atsedenaldiaren ostean, RETAbet Bilbao Basketek bigarren laurdenean eman duen maila onari eutsi dio, baina 3. laurdenaren erdialdera arte soilik. Orduan, hasi da Monbus Obradoiro aldeak murrizten; lehenengo 10 puntura kokatu da (35-45), eta ondoren, 5 puntura (45-50), laurdena 48-50eko emaitzarekin bukatzeko.
Denboraldi honetako partida gehinetan bezala, Bilbao Basketek beherakada fisikoa izan du 3. laurdenaren erdialditik aurrera eta horretaz baliatu da aurkaria, aurretik jartzeko (51-50, 55-50 eta 57-52). Une txarrak pasatzen ibili da RETAbet, baina Mumbruk eta Redivok sartutako hiruko banari esker, aurrea hartu du berriro Bilbao Basketek (59-60). Partida amaitzeko minutu bat eta 27 segundo falta zirenean, 4 puntuko abantaila lortu du Bilboko taldeak (63-67). Bukerarako 15 segundoren faltan, ordea, Obradoirok neurketa berdindu du (67-67). Jabetza Bilbao Basketek izan du, Obradoirok falta egin eta Redivok bi puntuko abantaila eman dio talde bizkaitarrari (67-69). Amaierarako 5 segundoren faltan Obradoirok izan du jabetza, Sabatek hirukoa jaurti eta saskiratu egin du (70-69). Bi segundo izan ditu Bilbao Basketek azken jaurtiketa egiteko, baina zelai erditik egindako jaurtiketa ez da sartu eta porrot mingarria jaso du.
Fitxa teknikoa:
70 Monbus Obradoiro: Sabat (11), Simons (6), Radovic (7), Matt Thomas (16) eta Pustovyi (8) -hasierako bostekoa- Llovet (6), Spires (8), Navarro (-), Corbacho (8), Laksa (-) eta Pozas (-).
69 Retabet Bilbao Basket: Devin Thomas (13), Tabu (9), Hervelle (6), Tomas (6) eta Todorovic (8) -hasierako bostekoa- Mumbru (8), Redivo (11), Hammink (-), Salgado (8), Gladness (-) eta Bentil (-)
Partzialak: 15-20, 5-17, 28-13 eta 22-19.
Epaileak: Conde Ruiz, Garcia Ortiz eta Sanchez Sixto.
Hurrengo zuzenekoak
27 | 18:00 - 20:00 | IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria |
28 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa