Euskal pilota | Azken albisteak eta emaitzak | EITB Pilota
Pilota
Pala
EITB MEDIA
Torneoko txapeldunak, titulurako partidan, lau jokotan nagusitu dira, 7-10, 10-9, 10-3 eta 10-5. Maldonado eta Gordon hobeto aritu dira, eta merezita eskuratu dute garaipena.
Roman Maldonadok eta Iker Gordonek irabazi dute Pala Joko Sopela Pro'24 txapelketa, astelehenean, Sopelako Udal pilotalekuan, torneoko finalean Esteban Gaubeka eta Ibai Perez lau jokotan mendean hartuta, 7-10, 10-9, 10-3 eta 10-5. Hala, Maldonadok eta Gordonek jantzi dituzte txapelak; beste behin ere, giro bikaina izan da pilotalekuan, eta kantxan kalitatezko jokoa ikusi ahal izan dute pilotazaleek.
Lehen jokoa gogorra izan da, eta parean ibili dira lau protagonistak; hainbat tanto luze eta eder jokatu dituzte. Urdinek, Gaubekak eta Ibai Perezek, eskuratu dute lehenengo puntua, 10-7. Armintzarra eta sestaoarra oso ondo aritu dira, bikote gisa eta banakako jokoan, eta merezita irabazi dute seta; 3-1 jarri dira aurretik, eta argi utzi dute lehenengo jokoa nahi zutela. Lau protagonistek erakutsi dute, egia esan, dena emateko prest kantxaratu direla.
Maldonado eta Gordon nagusitu dira bigarren jokoan, 10-9, eta finala berdindu dute. Gorriak 6-3 irabazten izan dira, baina Gaubeka eta Ibai Perez suspertu egin dira, eta, 0-4ko partziala ezarrita, 7-6 aurreratu dira, bai eta 9-8 ere. Tanto erabakigarrian, aurrelari argentinarra eta Sopelako atzelaria txukun aritu dira, eta berdinketa erdietsi dute, banakoa.
1-1eko horrek hauspoa eman die Maldonadori eta Gordoni, eta gorriek nagusitasun handiz eskuratu dute hirugarren jokoa, 10-3 eta 8-1 ere izan dira, eta puntu horretan argi zirudien bigarren puntua gertu-gertu zutela. Maldonadok eta Gordonek ia ez dute akatsik egin, eta maila oso ona eman dute finaleko hirugarren jokoan.
Laugarrenean zehaztu da, azkenean, zein bikotek eskuratuko zituen Sopela Pro'24ko txapelak; Maldonadok eta Gordonek ez diete aukerarik eman aurkariei, eta 10-5 irabazi dute. Gorriak hobeto aritu dira, eta oso indartsu jokatu dute; urdinek presioa zuten, jokoa eskuratzekoa, bosgarrena behartzeko, eta ezin izan dute lortu.
Horrenbestez, finala hiru eta bat eskuratu dute Roman Maldonadok eta Iker Gordonek.
Finala amaituta, Ibai Perezek eskuratu du txapelketako pilotaririk onenarentzako saria. Sestaoko atzelariak torneo bikaina egin du.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa