Euskal pilota | Azken albisteak eta emaitzak | EITB Pilota
Pilota
Pala
EITB MEDIA
Argentinarrak eta bizkaitarrak osatutako bikoteak emaitzarik eskasena lortu du txapelketako kanporaketa jardunaldian lehiatu diren lau bikoteen artean.
Urrutia eta Fusto, partidaren bukaeran. EITB MEDIA.
Fustok eta Urrutiak agur esan diote Sopela Pro'24 pala txapelketari, Maldonadoren eta Gordonen aurka hiru setetan galduta. Bizkaitarrak eta argentinarrak ez dute joko bakar bat irabazi eta Necolek eta Del Riok, aldiz, Gaubeka eta Ibai Perezen aurka jokatu duen neurketako bikote galtzaileak, bai: bi joko irabazi dituzte. Ondorioz, norgehiagoka galdu arren, lehian jarraituko dute.
Txapelketari hasiera eman dion kanporaketa-jardunaldi honetako lehen neurketa oso lehiatua izan da. Ibai Perez izan da protagonista nagusia, atzeko aldean partida bikaina eginda. Sestaoko palistak erantzun die Necolen erasoei, eta tanto ederrak egin egin ditu, gainera.
Gaubeka beteranoaren laguntza izan du aurreko koadroetan, eta lehen bi jokoak irabazi dituzte (10-6 eta 10-7). Partida ondo bideratuta izan dute baina, inork espero ez zuenean, gauzek okerrera egin dute. Hirugarrenen jokoan, Necolek eta Del Riok jokaldi polemiko pare bat aprobetxatu dituzte gorriak partidatik ateratzeko eta, azkenean, 5-10eko emaitzarekin irabazi dute jokoa.
Laugarren jokoa ere erdietsita (8-10), neurketa bosgarren eta azken jokoan erabaki da, bost tantora. Bana eta bina eginda, 4-2 aurreratu dira Gaubeka eta Perez eta, azkenean, 5-3 gailendu dira, eta liga faserako txartela ziurtatu dute. Necolek eta Del Riok, aldiz, bigarren partidako emaitzari itxaron behar izan diote txapelketan jarraituko zuten ala ez jakiteko. Bi joko eta 36 tanto eginda, beste partidako bikote galtzaileak marka hori ez hobetzea behar zuten.
Maldonado eta Gordonen garaipen argia
Bigarren neurketan, Maldonado (banakako txapelduna) eta Gordon jaun eta jabe izan dira Fusto eta Urrutiaren aurka. Lehen jokoa 10-9ko emaitza estuarekin erabaki da. Fustok eta Urrutiak eskuan izan dute jokoa eurenganatzeko eta jakin bazekiten horrek partidaren bilakaera baldintzatuko zuela baina, azkenean, puntu bakar batengatik, ihes egin die lehen joko horrek.
Bigarren jokoan, bosnako berdinketa eginda, 5-1eko partzial bati esker jokoa gorri joan da. 2 eta 0ekoarekin norgehiagoka oso aldapan gora jarri zaie urdinei, eta horrekin batera, txapelketan jarraitzeko aukera. Azkenean, hirugarren jokoa ere galdu dute, 10-4, eta, ondorioz, Fustok eta Urrutiak agur esan diote Sopela Pro'24 pala torneoari.
Lehen jardunaldiko bi bikote irabazleek, Esteban Gaubeka-Ibai Perez eta Roman Maldonado-Iker Gordon elkarren aurka jokatuko dute datorren asteleheneko neurketan, liga faseko lehen jardunaldian.
Hurrengo zuzenekoak
03 | 15:30 - 17:30 | CROSSFIT | Basque Crossfit Txapelketa |
03 | 17:00 - 20:00 | PELOTA | 4 t'erdiko ligaxka: Altuna III vs Zubizarreta III |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa