Euskal pilota | Azken albisteak eta emaitzak | EITB Pilota

Pilota

10:42

Pilota

Mexiko Hirian

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak Euskadiko selekzioaren ofizialtasuna bozkatuko du gaur

EITB MEDIA

Mexiko Hirian egingo duten batzar orokorrean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak erabakiko du estatutuak aldatzea ala ez, eta, baiezkoa gailentzekotan, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza eskubide osoko kide gisa onartzen duen ala ez.

  • Pilotako Euskadiko selekzioak ofizialtasuna lor lezake larunbatean. Argazkia: EITB Media.

    Pilotako Euskadiko selekzioak ofizialtasuna lor lezake larunbatean. Argazkia: EITB Media.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak (NEPF) Euskadiko selekzioaren ofizialtasuna onartzen ala baztertzen duen bozkatuko du gaur. Hain zuzen ere, Mexiko Hirian egingo duten ezohiko batzar orokorrean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak erabakiko du estatutuak aldatzea ala ez, eta, bozketa horretan baiezkoa gailentzekotan, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza (EEPF) eskubide osoko kide gisa onartzen duen ala ez.

Testuinguru horretan, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa Euskal Herriko 19:00etan bilduko da, ezohiko batzarrean, estatutuak aldatuko dituen ala ez bozkatzeko, eta, hala izatekotan, EEPF eskubide osoko kide osoko gisa onartzen duen ala ez. Ohar baten bidez, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak gogora ekarri du 1994an eta 2002an ere eskatu zuela hori bera, Nazioarteko Federazioaren eskubide osoko kidea izatea; hori bai, Euskadiko Federakuntzak espero du eskaerak, oraingoak, aukera handiagoa izan dezala baiezkoa jasotzeko. Horren arrazoia da Espainiako legediak, "onartu berri den 39/2022 Legearen bidez, eskaera hori egitea errazten eta bermatzen" duela, zehaztu du EEPFk.

Nazioarteko Federazioak Euskadiko Federakuntza onartzeko, beharrezkoa da estatutuak aldatzea onar dezatela; izan ere, EEPFk adierazi duenez, egungo estatutuek, 10. artikuluaren A puntuan, hauxe dute ezarrita, Nazioarteko Federazioaren eskubide osoko kideen gainean: "NEPFko kide izango dira Nazioarteko Erkidegoak estatu subirano/independente gisa aitortutako herrialdeetako federazio nazionalak, baldin eta beren Gobernuaren onarpen ofiziala badute, eta, osagarri gisa, dagokien Batzorde Olinpikoarena, edo dagozkien beste organo batzuena, bai eta beren herrialdeetako pilota-kirolaren kontrola eta diziplina ere". Estatutuetako aldaketa hori Frantziako, Mexiko eta Argentinako federazioek bultzatu dute; gauzatzeko, baina, baldintza jakin batzuk bete behar dira.

Zer gertatu behar da eskaera onar dezaten?

Lehenik eta behin, beharrezko quoruma egon behar da; horretarako, boto posible guztietako gutxienez erdiek parte hartu beharko lukete bileran. Guztira, 76 boto dira: Kubak, Espainiak, Frantziak eta Mexikok bederatzina dute; Argentinak, zortzi; Txilek, zazpi; Boliviak, Costa Ricak eta Uruguaik, launa; Guatemalak, Italiak eta Venezuelak, hiruna; Peruk, bi; eta Haitik eta El Salvadorrek, bana. Hala, Euskadiko Federakuntzak nabarmendu duenez, "38 boto biltzen dituzten kideek parte hartu behar dute".

Mexiko Hirian larunbatean egingo duten bileran gutxienez 38 boto horiek daudela baieztatzen dutenean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren estatutuetako aldaketa onartu beharko lukete, bigarrenez. Horretarako, bertaratuen bi herenek, gutxienez, baiezko botoa eman beharko lukete.

Azkenik, estatutuetako aldaketa onartuta, bertaratuen bi herenek onartuko beharko lukete, jarraian, Euskadiko Federakuntza Nazioarteko Federazioaren eskubide osoko kidea izatea.

Lehen bozketa egin aurretik, Enaitz Olaeta Astigarraga Bizkaiko Euskal Pilota Federazioko presidente eta Euskadiko Federakuntzako Zuzendaritza Batzordeko kideak azken horren eskaera defendatuko du. Defentsa horretan, Olaetaren aurreikuspena da, besteak beste, nabarmentzea eskaera horrek onartu berri duten Kirolaren 39/2022 Legearen abala duela. Hain zuzen ere, honako hau du zehaztuta lege horren 48. artikuluaren bigarren puntuak: "Hala eta guztiz ere, autonomia erkidegoko kirol federazioek zuzenean parte hartu ahal izango dute nazioarteko esparruan, baldin eta kasuan kasuko nazioarteko federazioak parte hartzea aurreikusten badu, beti ere autonomia erkidego horretako historian eta gizartean errotuta dauden kirol modalitateen edo espezialitateen kasuan edo federazio autonomikoa nazioarteko federazio bateko kide izan bada dagokion Espainiako federazioa eratu aurretik. Kasu horietan, autonomia erkidegoko kirol federazioak nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartuko du Kirol Kontseilu Gorenarekin adostu ondoren. Akordio horren bidez, federazio autonomikoa nazioarteko federazioan integratzeko laguntza bateratua emango da ".

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    08 21:00 - 23:45 PILOTA | Lau t'erdiko txapelketa | B Serieko Finalaurrekoak: Bakaikoa vs Murua / Egiguren V vs Larrazabal

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena