Euskal pilota | Azken albisteak eta emaitzak | EITB Pilota
Pilota
FORMATU BERRITZAILEA
EITB MEDIA
Sei bikotez osaturiko ligaxka itxurako txapelketa izango da, eta ekainaren 12an amaituko da, finala jokatuta. Erremontearen historian lehen aldiz, partidak set formatuan jokatuko dira.
"Erremontari" saioaren erremonte-lehiaketa bueltan da, hirugarren urtez, ETBko pantailetara. Aurreko urteetan bezala, Hernaniko Galarreta frontoiak astelehenero hartuko ditu apirilaren 17an hasi eta ekainaren 12ra arte jokatuko den XIII. Sagardoaren Txapelketako partidak.
Sei bikote arituko dira bertan, eta bakoitzak sagardotegi bat ordezkatuko du:
Urriza-Martirena (Alorrenea)
Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar)
Aldabe-Azpiroz (Petritegi)
Segurola-Juanenea (Bereziartua)
Ansa II-Zaldua (Aburuza)
Ezkurra II-Zubiri (Gurutzeta)
Partidak set formatuan eta puntuaketa eredu berria
Hasiera batean, denek denen aurka jokatuko dute zazpi jardunaldiko ligaxka batean. Egun hauetan jokatuko dira partidak: apirilaren 17an eta 24an eta maiatzaren 1ean, 8an, 15ean, 22an eta 29an.
Aurtengo berritasunetako bat partidak set formatuan jokatuko direla izango da, 15 tantoko bi set jokatuko baitituzte. Dena den, bikote bakoitzak set bat irabaziz gero, hirugarren set erabakigarria jokatuko da 5 tantora, norgehiagoka nork irabazi duen zehazteko.
Bestalde, ligaxkako puntuazio sistema honako hau izango da:
· Partida bi setetan irabaziz gero (2-0): 4 puntu.
· Partida hirugarren setean irabaziz gero (2-1): 3 puntu.
· Partida hirugarren setean galduz gero (1-2): 1 puntu.
· Partida bi setetan galduz gero (0-2): 0 puntu.
· Partida bi setetan galduz gero eta bien artean 16 tanto egin ezean (0-2): -1 puntu.
Finalerdiak, ekainaren 5ean
Ligaxka amaitzen denean, sailkapeneko lehen lau postuetan geratzen diren bikoteek jokatuko dituzte finalerdietako neurketak, jardunaldi bakarrean; ekainaren 5ean, hain zuzen ere.
Hala, sailkapeneko lehen postua eskuratzen duen bikoak laugarren tokian sailkatu den bikotea izango du aurkari finalaurrekoetan. Ondorioz, bigarren eta hirugarren sailkatuek elkarren aurka jardungo dute.
Bi finalerdietako irabazleak sailkatuko dira ekainaren 12rako aurreikusita dagoen finalera.
Txapelketa guztia ETB1en eta eitb.eus-en ikusi ahal izango da, astelehenero, 22:30etik aurrera.
Adimen artifiziala, presente programan
"Erremontari"ren hirugarren edizioak dakarren beste berritasunetako bat adimen artifizialaren bidez sortutako abatar bat izango da, astelehenero lehiaketaren xehetasunak publikoari hurbilduko dizkiona. Horrela, bera arduratuko da txapelketako datuak, deskribapenak eta emaitzak emateaz.
Apirilaren 10ean aurkeztu dute programa, eta aipatu abatarra ezagutzera emateko ere balio izan du; izan ere, bideo honetan ikus daitekeenez, berak jakinarazi ditu denboraldi berriaren nondik norakoak.
Hurrengo zuzenekoak
29 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Laso-Iztueta |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa