Euskal pilota | Azken albisteak eta emaitzak | EITB Pilota
Pilota
LESIOA
A. A. | EITB MEDIA
Aramako aurrelariak 26 urterekin esango die agur frontoiei, bere belauneko arazoak bultzatuta.
Albisteak (4)
Iker Irribarriak (Arama, 1996) prentsaurrekoa eman du asteazken honetan, 26 urterekin pilota profesionala uzteko erabakiari buruzko azalpenak emateko. Fernando Vidarte Aspe enpresako arduraduna eta Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertziala aldamenean zituela agertu da pilotari gipuzkoarra hedabideen aurrean, eta, bertan argitu duenez, bere ibilbide profesionala "martxoaren 4an bukatuko da", indarrean duen kontratua behin bukatuta, belauneko arazoek bultzatuta.
Aramakoak adierazpen bat irakurri du euskaraz, eta azaldu du aspalditik ari dela belauneko lesioari buelta eman ezinda. "Denbora luzez, duela urtebete ingurutik edo, daramat mailarik gorenean jokatu eta entrenatu ezinda, nire belaunaren osasuna dela medio", esan du gipuzkoarrak.
2021eko martxoan, ebakuntza egin zion Mikel Sanchez medikuak eskuin belaunezurrean zuen lesioa sendatzeko, eta "hobekuntza batzuk" sumatu zituela, baina "minak berehala bueltatu ziren", gaineratu du.
Bere egoerari konponbideak bilatzen saiatu arren, eta "belauneko espezialista eta mediku onenekin" behin baino gehiagotan egon arren, ez du halakorik lortu, eta denen gomendioa argia izan dela zehaztu du: ezingo du jarraitu arlo profesionalean. Dena den, ez du argitu zein den daukan lesioaren diagnostiko zehatza.
"Minik izango ez banu edo jarrai nezakeela pentsatuko banu, jarraitu egingo nuke. Baina oinazeek egun asko irauten dute, ikusten duzu pixkanaka dena okerrera doala eta unea iristen ari dela. Une gogorrak izan dira, batez ere etxean bakarrik zaudenean, baina badakit niretzat onena dela eta lasai nago", onartu du.
"Txapelak hor daude, baina urte hauetan gehien gustatu zaidana taldekideak izan dira. Hori ez da diruarekin ordaintzen, ezta garaipenekin ere. Pilotariaren bizitza ederra da. Asko gustatu zait enpresa giro hori egunero izatea, eta hori galtzea gogorra izango da barneratzeko", aitortu du.
Vidartek, bere aldetik, iragarri du Aspek agur jaialdia antolatuko duela Irribarriarentzat martxoaren 4an, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Aramakoak Jose Javier Zabaletarekin batera jokatuko du Jokin Altunaren eta Julen Martijaren aurka.
"Egoera honek ibilbidea eten dio ahalmen ikusgarria duen eta pilota goratzen duen pilotari bati", azpimarratu du Vidartek.
Irribarriak Aspeko zein Baikoko pilotari askoren babesa izan du prentsaurrekoan. Besteak beste, Jokin Altunak eta Unai Lasok bere tristura agertu dute aramarrak pilota utzi behar izateagatik.
Iker Irribarriak 2015eko martxoaren 22an egin zuen debuta gorengo mailan, Eibarren, Astelena pilotalekuan, 18 urte zituela, eta, urtebeteren buruan, soinean jantzita zuen pilotari profesional gisa lortutako lehen txapela, bere ezker boteretsua bidelagun izanik. Izan ere, 2016ko maiatzaren 29an, 19 urte zituela, historia egin zuen Banakako Pilota Txapelketa bereganatu duen pilotari gazteena bihurtu baitzen. Mikel Urrutikoetxea Zaratamoko aurrelaria izan zuen aurkari orduko hartan, eta 22-13ko emaitzarekin gailendu zen aramarra.
Espezialista izan da buruz burukoan, bere modalitate kuttunena. Guztira hiru aldiz heldu da txapelketa horretako finalera, eta birritan irabazi du. Aipatutakoaz gain, 2017ko eta 2019ko txapelketetako finalak ere jokatu zituen. Hala, 2017koan ezin izan zuen errepikatu aurreko denboraldiko arrakasta, galtzea egokitu baitzitzaion Oinatz Bengoetxearen aurka (22-18), batak zein besteak ikuskizun bikaina eskaini zuten neurketan. Bi urtez itxaron behar izan zuen, 2019ko ekainaren 9ra arte, hain zuzen ere, banakako bigarren txapela lortzeko, berriz ere Urrutikoetxearen kontra, oso lehia gogorrean (22-20).
Dena den, frontoi osoko banakako lanean aritzeko bereziki iaioa izan arren (4 t'erdikora ez da hain ondo moldatu), Binakako Txapelketan ere eman du zeresanik, bitan heldu baita finalera. 2017an, Beñat Rezustarekin batera, txapela bereganatu zuen. Gipuzkoarrek Oinatz Bengoetxea eta Mikel Larunbe hartu zituzten mendean (22-14). Horrela, 21 urte zituenerako, buruz buruko txapel bat eta binakako beste bat zituen.
2019an iritsi zitzaion bigarren aukera bere palmaresa binakako beste garaipen batekin handitzeko, baina txapeldunorde izatearekin konformatu behar izan zuen. Jose Javier Zabaleta izan zuen atzelari lanetan norgehiagoka hartan, eta amore eman behar izan zuten Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra (22-19).
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa