Euskal pilota | Azken albisteak eta emaitzak | EITB Pilota

Pilota

13:57

Pilota

Jai Alai Winter Series

Beaskoetxea eta Lopez, Jai Alai Winter Serieseko txapeldunak

EITB MEDIA

Diego Beaskoetxea gernikarrak, txapelketa handi batean jokatu duen azken partidan, eta Imanol Lopez zumaiarrak igandean irabazi dute txapela, Barandika-Lekerika bikotea hiru setetan mendean hartuta (15-8, 9-15, 5-4), Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan izandako finalean.

1:31
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Diego Beaskoetxeak eta Imanol Lopezek osatutako bikotea Eusko Label Winter Serieseko txapelduna da, igandean Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan jokatutako finalean Xabier Barandika eta Unai Lekerika hiru setetan mendean hartuta (15-8, 9-15, 5-4). Finalak zirrara osoa izan du, hirugarren setean erabaki baita eta horretan emaitza 4-4 ere izan delako. Bi bikoteek izan dituzte aukera, neurketan, erakusteko zergatik izan diren txapelketako onenak, eta, gainera, giroa aparta izan da pilotalekuan ikusgarria. Bigarren Winter Serieseko titulua, hortaz, Gernika-Lumora eta Zumaiara doa, bertakoak baitira bi irabazleak. 

Zalantzarik gabe, bizitakoa Diego Beaskoetxearentzat bereziki da hunkigarria. Aurrelariak txapelketa handi bateko bere azken partida jokatu du, non eta final handi honetan, zesta profesionalari agur esaten baitio. 41 urte ditu, eta zenbait arrakasta eta garaipen bere ibilbidean; orain, amaiera ezin hobea eman dio ibilbide horri. Imanol Lopezen ezinbesteko laguntza izan du lan horretan; zumaiar atzelaria, hainbat unetan, finaleko onena izan da. 38 urterekin, gaitasuna izan du konzentrazioari une oro eusteko, hutsegite oso gutxi egin ditu, eta, ahal izan duen bakoitzean, erasora ere jo du; esate baterako, azken tantoan, berak egin baitu, maisutasun handiz.

Barandikak eta Lekerikak arerioek baino denbora luzeagoa behar izan dute partidara egokitzeko; baina, egin dutenean, sendo eta oso ondo ibili dira. Nabarmentzekoa da bigarren jokoan nola eman dioten buelta egoerari; ematen zuen, berez, hirugarren jokora gorriak baino hobeto heltzen zirela. Azkenean, ez da horrela gertatu, eta Winter Serieseko bigarren postua da haientzat, baina emaitza ederra da, egindako lan onari sari oso egokia.

Lehen setean, gorriak nagusi

Gorriak nagusi izan dira lehen jokoan. Seta luzea eta gogorra izan da, baina Beaskoetxeak eta Lopezek ia hasieratik jarri dute emaitza alde. Atzelari zumaiarra bikain ibili da; akatsik egin gabe, gutxi arriskatuz eta indarra eta kalitatea erakutsiz, ez dio aukerarik utzi bikote urdinari. Aurrean, Beaskoetxea ere ibili da fin; errematean asmatu egin du, sartu ahal izan denean aprobetxatu du, eta Barandika baino gehiago izan da. Azken horrek tanto batzuk egin ditu hasieran, baina handik aurrera ezin izan du batere eroso aritu. 15-8 bukatu da jokoa, eta horrek ondo erakusten zuen zer ikusten ari zen Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan.

Urdinek, oso hobera bigarren jokoan

Finalak ildo beretik jarraitu du bigarren seteko hasieran, eta gorriak 3-0, 4-2 eta 5-3 izan dira aurretik; baina, orduan, urdinek emaitza iraultzea lortu dute, 5-5ekoa eta 6-6koa ezarrita. Atsedenaldian, 6-8 ziren nagusi bi gernikarrak. Barandika oso ondo ibili da minutu horietan, eta ondorengoetan ere bai; Lekerikak ere erantzun egokia eman du, eta bikote gazteenak alde esanguratsua erdietsi, 7-13koan. 9-15 bukatu da bigarren jokoa, urdinek merezitako garaipena eskuratuta.

Berdintasun handia, hirugarren setean

Tentsioa oso handia zen harmailetan eta kantxan hirugarren jokoaren atarian. Bi bikoteek set bana zuten irabazita, eta ematen zuen aldea fisikoa izan zitekeela erabakigarria urdinen mesedetan, kontuan izanik gazteagoak direla eta animoa ere goian zutela, partida berdindu eta gero. Azken jokoaren hasieran, lehen lau tantoetan, akatsak egin dituzte bi bikoteek, baina jarraian Beaskoetxeak eta Lopezek bi tanto lortu dituzte, eta txapela tanto bakar batera zuten une horretan. Barandikak eta Lekerikak, aldiz, ez dute amore eman, eta berriro ere berdinketa jarri dute: 4-4, eta sakea alde. Txapelketak lau hilabeteko iraupena izan du, zenbait partida eta jokaldi, baina tanto bakar batek zehaztuko zuen, azkenean, zein bikotek hartu behar zuen Aritz Erkiagaren eta Jon Zabalaren lekukoa Winter Serieseko txapeldun gisa. Bada, Diego Beaskoetxeak eta Imanol Lopezek jantzi dute txapela; atzelari zumaiarrak egin du garaipenaren tantoa, hain zuzen. Jai Alai pilotalekuak zutik eskertu die lana lau pilotariei; lau txapeldun izan dira kantxan, nahiz eta txapela bik bakarrik eraman etxera.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    09 16:15 - 18:15 FUTBOLA | Vila-real vs Alaves
    09 17:15 - 20:00 PILOTA | Lau t'erdiko txapelketa | Finalaurrekoa: Jaka vs P. Etxeberria

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena