Euskal pilota | Azken albisteak eta emaitzak | EITB Pilota
Pilota
Bigarren finalerdia
B. L. G. | EITB MEDIA
Gernikarrek Goiko eta Etxeto garaitu zituzten, Winter Serieseko bigarren finalerdian. Hiru setetan erabaki zen partida; lehen setean 8-15 gailendu ziren finalistak, eta bigarrenean, berriz, laranjek 15-14 irabazi zuten. Azken setean zuriak gailendu ziren, azken tanto ikusgarri batekin.
Barandika-Lekerika bikoteak Jai Alai Winter Serieseko finalerako txartela bereganatu zuen, Goiko-Etxeto bikote indartsua mendean hartuta. Partida hirugarren seteraino heldu zen, Gernikako Jai Alaira hurbildu ziren ikusleen gozamenerako. Lehen seta etxeko bikoteak irabazi zuen, laranjen arteko gaizki ulertuak baliatuta (8-15). Bigarrenean, berriz, Goiko eta Etxeto nagusitu ziren, biziki berdindua izan zen setean (15-14). Azkenean, hirugarren set erabakigarria zurientzako izan zen (3-5).
Astelehen gauaz Gernikako Jai Alain bizitakoak ez zuen inor epel utzi. Katedrala lepo bete zen, Winter Serieseko azken kanporaketa ikusteko, eta pilotariek ikuskizuna eman zuten. Ezinezkoak ziruditen pilotak sartuz, tantoak bukatuz, bete arte lan eginez. Behin baino gehiagotan altxatu zituzten pilotazaleak aulkitik.
Lehen setean, erritmoa hartzea kostatu zitzaien laranjei. Etxeto eta Goiko ez ziren behar bezala ulertu, eta bidean tanto asko uztea ekarri zuen horrek. Barandikak edukitako aukerak baliatuz, eta Lekerikak errebotetik lan ona eginez, setaren bigarren zatian apurtu zuten jokoa.
Setak hasiera berdindua izan zuen: 4-4, 6-6 eta 7-7 berdindu zuten. Lehen pilotakada horietan ikusi zen partida gustagarria izango zela ikusleentzat. Zuriek egindako 5. tantoa azpimarratzeko modukoa izan zen: Etxetok erreboteko zuloan ezinezkoa zirudien pilota bat sartu, eta Barandikak bi pareta bikain batekin erantzunez amaitu zuen tantoa.
Atsedenaldira, zuriak heldu ziren aurretik (7-8), eta, aldageletatik bueltan gernikarrek 15.a egin zutenerako, laranjek tanto bakarra erdietsi zuten (8-15).
Bigarren seta askoz ere berdinduagoa izan zen. Guztira, sei aldiz egon ziren parean: 3-3, 4-4, 9-9, 12-12, 13-13 eta 14-14. Seta benetan lehiatua izan zen, atzelariak pilota zailak jaso zituzten eta aurrelariek tantoak egin zituzten. Goikok errebotetik pilota jasota bezala bi pareta neurtu bat egin zuen, 5-4koa markagailuan jartzeko. Tanto dotorea egin zuen zumaiarrak. Goiko eta Etxeto hobeto aritu ziren, eta, azkenean, seta bereganatzea lortu zuten (15-14).
Bigarren seta gogorra izan zen, tanto luzeak eta fisikoak egon ziren, baina kantxan zegoen laukoteak oraindik bazuen ikuskizuna elikatzeko indarrik. Bi bikoteek zuten Winter Serieseko finalean egoteko gogoa, eta frontoian ikusi zen. Azken setean ere 1-1, 2-2 eta 3-3 berdindu zuten.
Finalerdian zehar hamaika tanto on ikusi baziren ere, partida itxi zuena bikaina izan zen. Goikok pilota aurreko koadroetan jaso, eta Barandika zabalera joan zen bi paretaren zain. Zumaiarrak, baina, eskuinaz moztu zuen. Berdinketak egina zirudien. Lekerikak, ordea, pilota jasotzea lortu zuen, atzetik aurrera korrika etorrita. Pilota errebotera bidali eta Goikok erantzutea lortu bazuen ere, Barandikak ez zuen barkatu, eta txokoan dejada eder bat eginez amaitu zuen partida (3-5).
Hortaz, Barandika eta Lekerika finalerako sailkatuta, hiru gernikar izango dira txapelagatik lehiatzen. Beaskoetxeak Lopez zumaiarra izango du lagun bere ibilbideko azken partidan, eta aurrean izango dituzte Barandika lehengusua eta Lekerika. Otsailaren 19an izango da finala; hala ere, aurretik (otsailaren 13an) Olharan-Basque eta Goiko-Etxeto bikoteek hirugarren postuagatik borrokatuko dute.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa