Euskal pilota | Azken albisteak eta emaitzak | EITB Pilota

Pilota

12:42

Pilota

Jai Alai Winter Series

Goikoetxea eta Aimar, finalera Olharan-Etcheto bikotea mendean hartuta

A. B. E. | EITB Media

Goikoetxeak eta Aimarrek txapelketako finala jokatuko dute Aritz Erkiaga-Jon Zabala bikotearen aurka, martxoaren 20an. Finala zuzenean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, igandean, 12:00etan.

1:50
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iñaki Osa Goikoetxeak eta Aimar Aldazabalek osatzen duten bikoteak Jai Alai Winter Series txapelketako finalerako txartela lortu du astelehen honetan (martxoak 14) finalerdietako partidan Jean Olharan eta Nicolas Etcheto mendean hartuta (15-10, 8-15 eta 5-2). Aritz Erkiaga eta Jon Zabala izango dituzte aurkari finalean, martxoaren 20an.

Jai Alai Winter Serieseko finala zuzenean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, igandean, 12:00etan.

Lehen seteko estreinako bi tantoak Goikoetxea-Aimar bikoteak erdietsi ditu (2-0). Ondoren, ordea, Olharanek eta Etchetok lehia berdindu (2-2) eta aurrea hartu dute markagailuan, lau tantoko abantaila lortuta (2-6). Goikoetxeak eta Aimarrek bolada txarra iraultzen jakin dute; hobeto jokatzen hasi dira, eta 7-7 berdintzea lortu eta gero, hiru tantoko errenta hartu dute (10-7). Tentsio handiko neurketa izan da. Puntistek ez dute tanto bat ere galdutzat eman, finalerako txartela baitzegoen jokoan. Etcheto-Olharan bikotea tanto bakarrera gerturatu da (10-9), baina Iñaki Osa Goikoetxeak eta Aimar Aldazabalek zuloa ireki dute berriro markagailuan, hiru tanto jarraian eginda (13-9). Jean Olharanek eta Nicolas Etchetok hamargarren tantoa lortu arren, lehen setaren azken txanpan nagusi izan dira Iñaki eta Aimar, eta lehen puntua poltsikoratu dute (15-10).

Parekatuta hasi da bigarren seta (1-1 eta 2-2). Binako berdinketaren ostean, bi tanto jarraian egin dituzte Olharanek eta Etchetok (2-4); Goikoetxeak eta Aimarrek, baina, berriro berdindu dute neurketa (4-4). 5-5ekoaren ostean, seta hautsi du Olharan-Etcheto bikoteak, bost tantoko errenta lortuta (5-10). Iñaki eta Aimar ez dira gai izan aurkariak estutasunetan sartzeko; horrenbestez, Jean Olharanek eta Nicolas Etchetok bigarren seta irabazi dute (8-15).

Horrela, hirugarren setean erabaki da irabazlea, 5 tantora. Lehen tantoa Olharan-Etcheto bikoteak egin du (0-1), baina Goikoetxeak eta Aimarrek garaipena bideratuta utzi dute lau tanto jarraian eginda (4-1). Olharanek eta Etchetok desabantaila murriztu dute (4-2), baina Iñaki Osa Goikoetxea eta Aimar Aldazabal ez dira urduri jarri, bosgarrena egin dute (5-2), eta finalerako txartela lortu dute horrela.

Markagailua:

1. seta: 2-0, 2-6, 4-6, 4-7, 10-7, 10-9, 13-9, 13-10, 15-10.

2. seta: 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 2-3, 2-4, 4-4, 4-5, 5-5, 5-10, 6-10, 6-11, 7-11, 7-13, 8-13, 8-15.

3. seta: 1-0, 1-1, 4-1, 4-2, 5-2.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    15 21:00 - 23:30 ERREMONTEA | Binakako txapelketa: Ansa II-Juanenea vs Urriza-Larrañaga

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena