Euskadiko Lau t'erdiko Txapelketa 2022: Lau t'erdikoaren azken ordua - EITB Lau t'erdi
Lau eta erdikoa
Finala
EITB MEDIA
Bizkarretako pilotariak, 2022ko Buruz Buruko txapelduna, lehen aldiz jantzi du Lau t'erdikoaren txapela, 27 urte dituela.
Unai Lasok irabazi du 2024ko Lau t'erdiko Txapelketa. Bizkarretako pilotariak 22-19 hartu du mendean Peio Etxeberria igandean Bilbon jokatutako finalean; horrenbestez, Lasok, 2022ko Buruz Buruko txapelduna, lehen aldiz jantzi du Lau t'erdikoaren txapela, 27 urte dituela.
Bizkaia frontoia erabat beterik izan da, eta final bikaina ikusi dute zaleek. Biek ala biek bizitasun handiz jokatu dute norgehiagokaren hasieratik. Etxeberria aritu da hobeto lehenengo zatian, eta markagailuan 10-14koa zegoenean bazirudien zenoztarrak gertuago zuela txapela, baina Lasok irauli egin du markagailua, eta garaipena eskuratu du, azken tantoetan oso ondo jokatuta.
Peio Etxeberriak izan du finaleko lehenengo sakea, eta 5 tanto jarraian egin ditu. Neurketaren hasieran, erritmo oso bizia izan da, eta Etxeberriak maila bikaina eman du aurreneko tanto horietan. Unai Lasok 1-5ekoan egin du lehenengo tantoa, baina 2-6koan berriro galdu du sakea. Biak ala biak errematearen bila zebiltzan, ahal zuten bakoitzean, eta zaleak gozatzen ari ziren, baina Peio gehiago ari zen asmatzen hasierako txanpan (3-7).
Bi tanto bata bestearen ondoan eginda, Lasok 5-7koa jarri du, baina, hurrengo tantoan, joan egin zaio errematea, zabalera. Baikokoa, dena den, markagailua parekatzen ari zen; falta egin du jarraian, eta ezin izan du 8-8koa jarri. Peio Etxeberriak, zabalera ezin hobeto irekita, 8-10ekoa erdietsi du. Zenoztarrarren hamaikagarrena (8-11) ere, ikusgarria izan da.
Berriro ere bi tanto jarraian eginda, 10-12koan, bazirudien Laso berdintzeko moduan zegoela, baina Etxeberriak 13.a egin du, eta amaiera eman dio aurkariaren boladari. Unai Lasok ez zuen amore ematen, eta beste behin kokatu da tanto bakar batera (13-14).
Finaleko lehenengo berdinketa 14-14koa izan da. Peio Etxeberriak hartu du berriro ere aurrea, baina bigarren berdinketa heldu da segituan (15-15). Unai Laso 16-15ekoan jarri da aurrenekoz markagailuan aurretik. Partida emozio handikoa zen, eta une horretan ezinezkoa zen asmatzea zeinek eskuratuko zuen garaipena.
Unai Laso 18-17 irabazten ari zela, finaleko une erabakigarrietan Bizkarretakoa indartsuago zegoela zirudien. Baikokoak hiru tanto jarraian egin ditu (20-17), baina kanpora joan zaio errematea ondorengoan, eta Etxeberriak berreskuratu du sakea. Horma-biko ederra eginda, Lasok 21.a egin du, baina Peiok 21-19koa jarri du ondoren.
Finaleko azken tantoa, Unai Lasori kaiolako lehenengo txapela eman diona, 22-19koa izan da. Ikusgarria izan da, partidako beste asko bezala. Tanto hori egindakoan, txapeldunak biziki ospatu du garaipena; izan ere, estreinakoz gailendu da Laso Lau t'erdikoan.
Markagailuaren bilakaera
0-1/0-2/0-3/0-4/0-5/1-5/2-5/2-6/3-6/3-7/4-7/5-7/5-8/6-8/7-8/7-9/8-9/8-10/8-11/8-12/9-12/10-12/10-13/10-14/11-14/12-14/13-14/14-14/14-15/15-15/16-15/16-16/16-17/17-17/18-17/19-17/20-17/20-18/21-18/21-19/22-19.
Sakez egindako tantoak
Unai Laso: 1
Peio Etxeberria: 2
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa