kirolak
Nazioarteko Batzorde Olinpikoa
Nazioarteko Batzorde Olinpikoak, halaber, eskatu die federazioei Errusiako eta Bielorrusiako kirolariek Paris 2024 Olinpiar Jokoetarako eta Milan Cortina 2026 Neguko Jokoetarako sailkatze prozesuetan parte hartzeko aukera ematea; ez du ziurtatu, baina, Olinpiar Jokoetan egon ahal izatea.
Tokioko Olinpiar Jokoetako hasiera ekitaldiko irudi bat. Argazkia: EFE.
Nazioarteko Batzorde Olinpikoak betoa kendu die asteartean Errusiako eta Bielorrusiako kirolariei (Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik zigortuta zeuden), eta gomendatu die federazioei kirolari horiek nazioarteko txapelketetan parte hartzeko aukera izan dezatela, "kirolari neutral indibidual gisa"; horrez gain, eskatu ere eskatu du Errusiako eta Bielorrusiako kirolariek Paris 2024 Olinpiar Jokoetarako eta Milan Cortina 2026 Neguko Jokoetarako sailkatze prozesuetan parte hartzeko aukera izan dezatela, baina ez du ziurtatu errusiar eta bielorrusiar kirolariek Olinpiar Joko horietan egon ahal izatea: "Dagokionean aztertuko dugu", nazioarteko federazioen irizpideen arabera sailkatzea lortuta ere, Thomas Bach Nazioarteko Batzorde Olinpikoko presidenteak esan duenez.
Nazioarteko Batzorde Olinpikoak, aldiz, aholkatu du Errusiako eta Bielorrusiako selekzioek ez izatea aukera txapelketetan parte hartzeko.
Hala, Nazioarteko Batzorde Olinpikoaren Zuzendaritza Batzak Goi Bilera Olinpikoaren eskakizunari eman dio erantzuna (abenduaren 9an bildu zen). Batzordeak Errusiako eta Bielorrusiako gobernuei ezarritako zigorrei eutsi die; besteak beste, bi herrialde horiek ezin dute nazioarteko txapelketarik antolatu, ez da erabiliko horien bandera, ereserkia edo beste edozein ikur nazionalik, eta ez dituzte gonbidatuko bertako politikariak eta agintariak nazioarteko txapelketetara.
Gainera, gerra "aktiboki" babesten duten kirolariek ezingo dute lehiatu, ezta Errusiako edo Bielorrusiako indar armatuek edo segurtasun nazionaleko agentziek kontratatuta daudenek.
Nazioarteko Batzorde Olinpikoak zehaztu du egun beste 70 gatazka armatu eta gerra daudela mundu mailan, eta inor ez dabilela eskatzen tartean dauden herrialdeetako kirolariak baztertzea. Halaber, beste behin, elkartasuna agertu die Ukrainako kirolariei; horientzako Elkartasun Funtsa prestatu du, 7,5 milioi dolarrekoa (ia zazpi milioi eurokoa).
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa