10:04

kirolak

Himalaia

Txikonek balentria historikoa egin du negu betean Manasluren gailurrera iritsita

eitb media

Mendizale bizkaitarra gaur iritsi da tontorrera, munduko zortzigarren mendi garaiena neguan igotzeko egin duen hirugarren saiakeran, oxigeno gehigarririk gabe eta negu betean.

  • Alex Txikon Manaslun.

    Alex Txikon Manaslun.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Alex Txikon mendizale bizkaitarra Manaslu mendatearen gailurrera, munduko zortzigarren mendi garaienera (itsas mailatik 8.163 metro), iritsi da ostiral honetan, lehenengo aldiz erabat negukoa izan den espedizioan (hau da, hasi eta buka neguan). Azken 20 urteetan gailurra harrapatzea lortu duen lehenengo mendizale taldea da Txikonena, eta soilik 22 dira neguan tontorrera iristea lortu dutenak.

Txikon hango 09:30ean iritsi da gailurrera zenbait kide nepaldarrekin batera, tartean Chhepal Sherpa eta Pasang Sherpa.

Simone Moro taldekide italiarrak espedizioa utzi ostean, "Txikon buru duen taldea gailurrera iritsi da ostiral goizean", azaldu du Mingma Sherpa Seven Summit Treks Himalaiako eskalada agentzia handieneko zuzendari nagusiak.

"Harrotasun unea da mendizaleontzat", azpimarratu du Sherpak, mendizale guztiak onik daudela eta arratsaldean kanpaleku nagusira itzuliko direla gehitu aurretik.

Manaslu gertutik ezagutzeko aukera izan du mendizale lemoaztarrak aurreko bi urteetan egindako ahaleginetan, eta 2023an erabat negukoa izan den saiakeran erdietsi du.

"Oso nekatuta gaude, baina guztiz hunkituta. Orain pixkanaka-pixkanaka jaitsi eta denak onik iritsi behar gara. Une horretan lortuko baitugu, hain zuzen ere, benetako gailurra" azaldu du euskal alpinistak.

ESTRATEGIA ALDAKETA

Lemoako mendigoizaleak zuzendutako taldeak beste era batera bideratu du aurtengo erronka. Lehen bi saiakeretan ikasitakoari esker erabaki zuten aurkezten zitzaien lehen aukerarako prest egon behar zutela. Abenduaren 26an iritsi zen Manasluko Oinarrizko Kanpalekura (5.000 metroko altueran).

Eguraldiaren iragarpenak aztertu ondoren, egiaztatu zuten urteko azken egunetan haizeak gogor joko zuela, baina pixkanaka eguraldia egonkortzen hasiko zela. "Hauxe zen espero genuen aukera" adierazi zuen jada erronkarako prest zegoen Txikonek.

Urtarrilaren 4an motxila eta beharrezko materiala hartu, eta zuzenean igo ziren bigarren kanpalekura (6.400 metrora). "1.500 metro inguruko desnibela egin dugu. Ibilbidea oso gogorra izan da haizeagatik eta ekartzen genuen material guztiagatik", adierazi zuen horrako horretan.

Bigarren kanpalekuan atseden hartu zuten eta urtarrilaren 5ean igo ziren hirugarren kanpalekura (7.000 metrotik behera). Bertan igaro zuten gaua, jarraitu beharreko estrategia aztertuz. Gala, ikusi zuten urtarrilaren 6an izango zutela eguraldi onaren parada, hots, duela hiru urtetik espero zuen aukera.

Pasang Nurbu Sherpa, Chhepal Sherpa, Gelu Sherpa, Maila Sherpa, Mantere Lama Sherpa eta Gamje Babu Sherpa bidelagun zituela, gailurrerantz abiatu da, eta 9:30ean (tokiko ordua) erdietsi du munduko zortzigarren mendi altuenera igotzea, oxigeno artifizialaren laguntzarik gabe eta negu betean. Inoiz lortu gabeko balentria.

GAILUR NAGUSIA

Mendizale taldeek urtero zapaldu dute Manaslu mendiaren gailurra, baina aurrealdekora soilik iristen dira, gailur nagusiaren azpian dagoenera.

1984ko urtarrilaren 12an lortu zuten lehenengo aldiz Manasluren puntara iristea neguan, Maciej Berbeka eta Ryszad Gajewski poloniarrek hain zuzen ere. Ordutik soilik lau espediziok lortu dute, 15 pertsonak hain zuzen ere, neguan aurreko gailurrera iristea.

"Manaslura neguan igotzea ausarta da", ibilbidearen amaiera oso pikoa delako eta elurrez estalita dagoelako. Horregatik, "eskalatzaileak normalean ez dira udazkenean eta neguan joaten ausartzen. Azkeneko zatia oso arriskutsua da elur erori berriagatik bereziki", azaldu du Thanshwor Guragain Seven Summit Treksen gerenteak.

Migma Sherpa buru zuen eskalatzaile talde batek Manasluren gailur nagusira iristea lortu zuen 2021eko udazkenean, lehenengo aldiz 45 urtean.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 12:00 - 14:00 HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa
    25 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena