10:52

Txapeldunen Liga

Final-laurdenak

Arsenalek sendotasunez irabazi dio Real Madrili; Inter Milanek abantaila lortu du, Bayern Munich menderatuta

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Mikel Artetaren taldeak 3-0 hartu zituen mendean Ancelottiren gizonak, Londresen, bigarren zati bikaina eginda. Bestetik, Inter Milan nagusi izan zen Bayern Munichi egindako bisitan, 1-2, Txapeldunen Ligako final-laurdenetako joanekoan.

  • Saliba (Arsenal) eta Mbappe (Real Madril), baloia lortzeko lehian. Irudia: EFE

    Saliba (Arsenal) eta Mbappe (Real Madril), baloia lortzeko lehian. Irudia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mikel Artetaren Arsenal izan zen nagusi asteartean, Real Madrilen kontra Emirates Stadium zelaian jokatutako partidan, Txapeldunen Ligako final-laurdenetako joanekoan, 3-0 irabazita. Bigarren zati aparta jokatu zuen, erasorako eraginkotasunik erakutsi ez zuen egungo txapeldunaren aurrean.

Bigarren zatian, Arsenal indartsu zelairatu zen, 20 minutu baino gutxiagoan Declan Ricek faltaz sartutako bi gol bikainek eta Mikel Merinoren beste batek agerian utzi zuten moduan. Arerioek ez zuten ia erasora jo; izan ere, nabarmena izan zen hiru aurrelariek egindako partida txarra. Atzean ere ez ziren fin aritu.

Real Madrilen izan zuen kanporaketako lehen aukera garbia, Mbapperen jaurtiketa batekin, baina David Rayak ondo eutsi zion. Ondoren, lehen zatiaren amaieran Arsenalek agindu zuen zelaian. Atsedenalditik bueltan, Alabak Sakari egindako falta baten ondorioz, Ricek jaurtiketetan duen kalitatea erakutsi zuen, eta Courtois Real Madrilen atezainak ezin izan zuen lehen gola ekidin.

Etxekoek erasoari ekin eta etsaia suntsitu zuten, Courtoisek baino ez ziolako taldeari eusten. Rice agertu zen, beste behin, eta Arsenalen bigarrena egin zuen. Hirugarrena, ostera, Mikel Merino Realeko jokalari ohiak sinatu zuen, gurutzatutako erremate bat eginda.

Bestetik, Inter Milanek 1-2 irabazi zion Bayern Munichi, Lautaro Martinezen eta Davide Frattesiren golekin. Thomas Müllerrek sartu zuen Alemaniako taldearena. Horrenbestez, abantaila lortu zuen Milanek, Txapeldunen Ligako final-laurdenetako joanekoan. Itzulikoa apirilaren 16an jokatuko dute, Giuseppe Meazza futbol-zelaian.

38. minutuan heldu zen norgehiagokako lehen gola, Lautaro Martinezek oinaren kanpoaldearekin jaurtitako eskuinkadaz. Horrelaxe joan ziren aldageletara, Inter 0-1 aurretik zela. Müller 74. minutuan zelairatu zen, eta 85.ean berdinketa jarri zuen markagailuan.

Hala eta guztiz ere, Inter berehala jarri zen aurretik berriz ere. Eraso azkar batean, Frattesik erabaki zuen lehia, behin betiko bat eta bikoarekin, 88. minutuan.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.

    Ez dago zuzenekorik

      Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen