10:47

Txapeldunen Liga

6. Jardunaldia

Arsenal lehen zortzien artean sendotu da; Cityk, berriz, ezin aurrera eginda jarraitzen du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Mikel Artetak entrenatzen duen taldeak 3-0 irabazi zion Monakori eta 13 puntu ditu. Manchester Cityk, ordea, 2-0 galdu zuen Juventusen aurrean: 8 punturekin, 22. dago.

  • Arsenalen eta Monakoren arteko partidako argazkia. EFE

    Arsenalen eta Monakoren arteko partidako argazkia. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Arsenalek 3-0 hartu zuen mendean Monako asteazken honetan, Txapeldunen Ligako liga faseko seigarren jardunaldian, eta sailkapeneko zortzi onenetan egoteari tinko eusten dio. Arerioak atzean emandako erraztasunei etekina atera zien Artetaren taldeak, zati bakoitzean gol bana sartuta. Jarraian bi porrot pilatu zituen, ordea, Monakok, eta hamaiseigarren dago, 10 punturekin. Feyenoordek ere puntu kopuru berbera du, Sparta Pragari 4-2 irabazi eta gero. Halaber, horiekin berdinduta dago Benfica; Boloniaren kontra 0-0koa baino ez zuen lortu.

Manchester Cityk aurrera egin ezinda segitzen du, Juventusen aurka 2-0 galdu baitzuen. Fase hau bukatzeko bi jardunaldiren faltan, Pep Guardiolaren gizonak 22. daude, final hamaiserenetarako txartela lortzeko postuak galtzeko bi puntura soilik. Premier Leagueko txapeldunak indarra galdu zuen bigarren zatian; Juventusek, ostera, indartsu jokatu zuen, egiten ari den denboraldi gorabeheratsua iraultzeko xedez. Dusan Vlahovic eta Weston McKennie izan ziren partidako golegileak. Horrenbestez, italiarrek 11 puntu dituzte, eta zortzi Cityk (garaipen bakarra lortu du jokatutako azken hamar partidetan).

Atletico Madril nagusi izan zen Slovan Bratislavaren aurkako hitzorduan, 3-1, Antoine Griezmannen bi golei eta Julian Alvarezen beste bati esker. Strelerrek egin zuen bisitariena, penaltiz. Bestetik, Bartzelonak 2-3 menderatu zuen Borussia Dortmund Signal Iduna Parken. Hiru puntu gehiago poltsikoratuta, bigarren dago Kataluniako taldea; hortaz, oso gertu dago final zortzirenetako sailkapenetik, Borussiaren neurriko arerio zuzen bati hiru puntuko aldea ateratzen diolako.

Gainerako emaitzei dagokienez, AC Milanek goranzko bideari eusten dio, 12 punturekin, jarraian laugarren garaipena eskuratuta: Izar Gorriari 2-1 irabazi zion. Rafael Leaoren gol bikain batek ireki zuen markagailua, 1-0. Ondoren, Belgradeko jokalariek berdindu egin zuen Nemanja Radonjicen eskutik. Dena den, 87. minutura arte ez zen norgehiagoka erabaki, Tammy Abrahamek bi eta batekoa sartu arte, hain zuzen. Lillek, bere aldetik, sailkapeneko zortzi onenen artean sartzea lortu du, 3-2 Sturm Graz garaituta.

Sailkapeneko beheko postuetara begira, Young Boys matematikoki kanporatuta geratu zen, ezin izan baitzuen ezer egin Stuttgarten aurreko erronkan: 5-1 galdu zuen.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 12:00 - 14:00 HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa
    25 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena