Txapeldunen Liga
Bigarren jardunaldiko emaitzak
Agentziak | EITB MEDIA
Txapeldunen Ligako egungo txapeldunak Leipzig mendean hartu du Phil Fodenek, Julian Alvarezek eta Jeremy Dokuk sartutako golei esker. Bestetik, Newcastlek 4-1 irabazi dio PSGri.
Jeremy Doku, Manchester City, taldekideekin Leipzigi sartutako gola ospatzen. EFE
Albisteak (1)
Manchester Cityk indartsu jarraitzen du Txapeldunen Ligaren multzoen fasean, Red Bull Arenan Leipzig Alemaniako taldea 1-3 menderatuta. Phil Fodenek 25. minutuan ireki zuen markagailua, 0-1ekoa eginez. Bigarren zatia hasi bezain laster Loïs Opendak emaitza parekatu zuen arren, Julian Alvarez eta Jeremy Doku arduratu ziren partida erabakitzeaz, gol bana sartuta.
Hala, G taldeko lehen postuan sendo dago Pep Guardiolaren taldea, 6 punturekin; Leipzig da bigarren, 3rekin; Young Boys eta Izar Gorria Belgrad daude hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren, puntu batekin. Bina amaitu zuten asteazkeneko neurketa.
Bestetik, Newcastle taldeko zaleek gozatu ederra hartu zuten St. James' Parken, bi hamarkadaren ostean Txapeldunen Ligara itzuli eta gero. Miguel Almironek eta Dan Burnek 2-0 jarri zuten aurretik Newcastle lehen zatian, eta Sean Longstaffek sartu zuen hirugarrena, 50. minutuan, Kieran Trippierrek emandako pase bat baliatuta. Ondoren, Lucas Hernandezek tartea murriztu zuen markagailuan, 3-1ekoa sartuta, baina Fabian Chärek 4-1ekoa sartu zuen luzapenean, eta partida erabakita utzi zuen. Horrenbestez, F taldeko lehen postuan dago Newcastle; atzetik, PSG dago bigarren (3 puntu), eta Milan eta Borussia Dortmund daude jarraian, asteazken honetan golik gabeko berdinketa lortu ostean.
Asteazkeneko gainerako emaitzei dagokienez, Laziok 1-2 hartu zuen mendean Celtic; beraz, E taldeko liderra da, Atletico Madrilekin batera. Glasgowko Celtic Parkeko neurketan, Kyogo Furuhashik eskoziarrentzat egindako gola berdindu zuen Laziok, Matias Vecinok ordu erdira sartutako golarekin, Alessio Romagnolik buruz ukitutako baloia beste burukada batez errematatuta. 1-2koa Pedro Rodriguezen beste burukada batekin iritsi zen, bigarren zatiko arauzko denbora agortuta zegoenean.
Azkenik, H taldean, Anberesek (Royal Antwerp) Shakhtaren aurka 2-3 galdu izanak bidea erraztu zion Bartzelonari. Kataluniako taldea 0-1 gailendu zitzaion Portori. Hortaz, multzo horretako lehen tokian dago, 6 puntuz.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa