23:34

Txapeldunen Liga

FINALA

Manchester Cityk irabazi du Txapeldunen Liga, Inter Milan mendean hartuta (1-0)

EITB MEDIA

Pep Guardiolaren taldeak bere historiako lehen Txapeldunen Liga irabazi du Rodrigoren golari esker. Horrela, talde ingelesak 2021ean galdutako finalaren arantza atera ahal izan du.

  • Machester City Txapeldunen Ligako garaipena ospatzen

    Machester City Txapeldunen Ligako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Manchester Cityk Txapeldunen Liga irabazi du lehen aldiz, Inter Milan 1-0 menderatuta, Istanbulgo Atatürk Estadio Olinpikoan jokatutako finalean.

Pep Guardiolaren mutilek 2021ean galdutako finaleko arantza atera ahal izan dute, Rodrigo Hernandez erdilari espainiarrak 68. minutuan sartutako golari esker. Ingalaterrako taldeak bere historiako lehen Txapeldunen Liga altxatu du. Aukera gutxi egon dira partidan, bi taldeen aldetik, eta azken minutuetan urduritasun handiko momentuak bizi izan dira, Lukakuk 89. minutuan galdu duen aukera garbiagatik eta, luzapenean, azkenean ondoriorik izan ez duen korner batengatik.

Lehenengo abagunea Bernardo Silvak izan du, baina kanpora errematatu du, arearen eskuinaldetik egindako jaurtiketan. Handik gutxira, Edersonek huts egin du, baloia ematean, eta Nicolo Barella baloia loratzen ahalegindu da, atezain brasildarra lekuz kanpo zegoela.

Ordu erdia jokatuta, Manchester Cityko De Bruynek mina antzeman du eskuineko izterrean. Berdegunean jarraitzeko asmoa izan badu ere, ezin izan du, eta Guardiolak Phil Foden atera du, haren ordez.

Atsedenaldian 0-0 zihoan finala. Bigarren zatian, 68. minutuan, Rodri Hernandezek partidako gol bakarra sartu du, eskuinez egindako jaurtiketa baten bidez.

Fodenek aukera bikaina izan du, 78. minutuan, 2-0ekoa egiteko, baina Onana atezainak ondo aldendu du. Norgehiagokaren azken txanpan, ordea, Inter Milanek izan du gertu gola, eta luzapena oso gutxigatik ez da iritsi. Ingalaterrako taldearen area barruan, Robin Gosensek, buruz, asistentzia bikaina eman dio Lukakuri, eta aurrelari belgikarrak, buruz ere, atera bota du; Edersonek, ezkerreko belauna baliatuta eta ia-ia nahi gabe, geldiketa egin du; aldaratzean, baloiak Ruben Dias jo du, eta Manchester Cityko jokalaria gola bere atean sartzetik oso hurbil izan da.

Luzapenean, Szymon Marciniak epaileak baimena eman dio Inter Milani azken korner bat ateratzeko; Gosensek, lehen zutoinean, errematea egin du, eta Manchester City estu-estu ibili da berdinketa saihesteko, baina Ederson atezainak, bikain beste behin, aldaratzea erdietsi du.

Fitxa teknikoa:

Emaitza: Manchester City, 1 - Inter Milán, 0. (0-0, al descanso).

1 - Manchester City: Ederson; Akanji, Ruben Dias, Ake; Stones (Walker, 82. min), Rodri; Silva, De Bruyne (Foden, 36. min), Gundogan, Grealish; eta Haaland.

0 - Inter Milan: Onana; Darmian (D'Ambrosio, 84. min), Acerbi, Bastoni (Gosens, 76. min); Dumfries (Bellanova, 76. min), Barella, Brozovic, Çalhanoglu (Mkhitaryan, 84. min), Dimarco; Dzeko (Lukaku, 57. min) eta Lautaro.

Gola: 1-0, 68. min: Rodri.

Epailea: Szymon Marciniak (Polonia). Txartel horia atera die Haaland (90+2) eta Ederson (90+4. min) jokalariei Manchester Cityn, baita Barella (59. min), Lukaku (83. min), Onana (90+2. min) jokalariei eta Inzaghi (90+6. min) entrenatzaileari Inter Milanen.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena