Txapeldunen Liga
Final-laurdenak (itzulikoa)
A. B. E. | EITB Media
Kataluniako taldeak 5-2ko emaitzarekin irabazi dio Madrilgoari, Camp Noun jokatu den final-laurdenetako itzuliko partida. Barçak joaneko neurketa irabazi zuenez (1-3), aurrera egin du.
Bartzelonako jokalariak Real Madrili sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Bartzelona Txapeldunen Ligako finalerdietara sailkatu da asteazken honetan (martxoak 30) Real Madril mendean hartuta (5-2) Camp Noun jokatu den final-laurdenetako itzuliko partidan. Joaneko norgehiagoka ere Barçak irabazi zuen (1-3).
Baloiaren jabe izan da Barça hasieratik eta Kataluniako taldeak azkar sartu du lehen gola; zortzigarren minutuan Mapi Leonek area kanpotik egin du jaurtiketa, eta gola sartu du (1-0), Misa atezainaren hutsa baliatuta.
Real Madrilen erantzuna azkar etorri da; 14. minutuan Irene Paredes Bartzelonako euskal jokalariak area barruan eskuarekin moztu du baloia eta epaileak penaltia adierazi du talde bisitariaren alde; Olga Carmonak banakoa jarri du markagailuan (1-1), penaltiz Sandra Paños atezaina gaindituta.
Berdinketaren ostean, etxeko taldeak izan ditu abagune onenak, baina Madrilgo taldea ondo ibili da defentsako lanean, eta berdinduta heldu da norgehiagoka atsedenaldira.
Bikain ekin dio bigarren zatiari Real Madrilek, gola sartu baitu 48. minutuan; Claudia Zornozak egin du 1-2koa, Sandra Paños aurreratuta ikusi eta jaurtiketa loratua sare barrura bidalita.
Pozak ez dio asko iraun talde bisitariari, Real Madrilek gola sartu eta lau minutu beranduago Barçak binakoa jarri baitu markagailuan (2-2), Aitana Bonmatiren bidez. Gainera, Claudia Pinak Bartzelonaren hirugarren gola sartu du (3-2), 55. minutuan.
Barçaren hirugarren golak guztiz erabakita utzi du kanporaketa. Real Madrili min egin, eta etxeko taldeari indarra eman dio. Gauzak horrela, Alexia Putellasek gola sartu du (4-2), 62. minutuan. Aurrea hartu ostean, eroso jokatu du Barçak, eta Caroline Hansenek 5-2koa jarri du markagailuan, 70. minutuan.
Azken txanpan, Barçak gol gehiago sartzeko abaguneak izan ditu, baina neurketa 5-2ko emaitzarekin amaitu da.
PSGk ere finalerdiak jokatuko ditu
Finalerdietarako txartela lortu duen beste taldeetako bat da PSG. Frantziakoek gogotik sufritu dute Bayern Munich kanporatzeko. Joaneko neurketa PSGk irabazi zuen (1-2), eta itzulikoa bina berdinduta (2-2) amaitu da.
Asteazken honetan Parisen jokatu den final-laurdenetako itzuliko norgehiagokan, Baltimorrek gola sartu du (1-0) PSG taldearentzat, 17. minutuan. Bazirudien kanporaketa erabakita zegoela gol horrekin, baina 19. minutuan Kumagaik banakoa jarri du markagailuan (1-1). Bigarren zatian, Bayernek gola sartu du (1-2) Schüllerren bidez, eta luzapena behartu du, kanporaketa berdinduta.
Luzapenean parekotasuna izan da nagusi, baina 112. minutuan Bachmannek binakoa jarri du markagailuan (2-2). Norgehiagoka bina berdinduta amaitu da, eta PSGk egin du aurrera.
Hurrengo zuzenekoak
15 | 21:00 - 23:30 | ERREMONTEA | Binakako txapelketa: Ansa II-Juanenea vs Urriza-Larrañaga |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa