Txapeldunen Liga
Final-laurdenak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Katalanek Atletico Madril kanporatu dute (0-1), San Mamesen; alemaniarrek, berriz, ez diete inolako aukerarik eman Glasgow Cityko eskoziarrei (1-9), Anoetan.
Bartzelonako jokalariak elkar besarkatzen neurketako gol bakarraren ostean. Argazkia: EFE
Bartzelonak eta Wolfsburgok Txapeldunen Ligako finalerako sailkapena izango dute datorren asteartean Anoetan jokatuko duten lehian, ostiral honetako final-laurdenetan garaile atera baitira..
Katalanek 0-1 irabazi diote Atletico Madrili. Kheira Hamraoui erdilari frantziarrak sartu du 80. minutuan oso parekatua izan den neurketa desorekatzeko balio izan duen gola.
Bartzelonak, Primera Iberdrola eta Espainiako Superkopako txapeldunak, San Mamesen ateak itxita jokatutako norgehiagokaren azken txanpara arte itxaron behar izan du aurkariaren erresistentzia gainditu eta kanporaketan aurrera egiteko.
Fitxa teknikoa:
0 - Atletico Madril: Hedvig Lindahl; Alia Guagni, Aissa Tounkara, Merel van Dongen, Carmen Menayo (Emelyne Laurent, 72. min); Turid Knaaak (Ana Marcos, 88. min), Amanda Sampedro, Jade Moore, Kylie Strom; Ángela Sosa (Alexandra Chidiac, 88. min) eta Toni Duggan.
1 - Bartzelona: Sandra Paños; Marta Torrejón, Andrea Pereira, Mapi León, Leila Ouahabi; Kheila Hamraoui, Alexia Putellas (Vicky Losada, 91. min); Lieke Martens (Mariona Caldentey, 63. min), Caroline Graham Hansen, Jenni Hermoso eta Asisat Oshoala (Aitana Bonmatí, 82. min).
Gola: 0-1, 80. min: Kheila Hamraoui.
Epailea: Stéphanie Frappart (Frantzia). Txartel horiak: Guagni (Atletico Madril).
Glasgow ez da aurkaria izan Wolfsburgorentzat
Wolfsburgo aise gailendu zaio Glasgowri. Argazkia: EFE
Anoetan jokatu den final-laurdenetako beste partidan, Wolfsburgok erraztasun handiz azpiratu du Glasgow City (1-9) aurreikuspen guztiak betez; izan ere, azken fase honetara sailkatu ziren zortzi taldeen arteko apalena da Eskoziakoa.
Alemaniako taldea 16. minutuan aurreratu da, Pernille Harderren bitartez, eta hortik aurrera ez du eragozpenik aurkitu. Lau minutu geroago, 20. minutuan, Ingrid Syrstad Engenek Wolfsburgoren aldea bikoiztu du.
Atsedenaldia baino lehen bi golegileek errepikatu egin dute arerioaren atean zulatzeko garaian. Hartara, Bundesligako txapeldunak 4-0 joan da irabazten aldageletara.
Etenaldiaren ondoren, gol-zaparradak eten gabe jarraitu du. Pernille Harderrek 5-0ekoa jarri du Svenja Huthen laguntzarekin.
Lauren Wadek markagailua itxuratu du une batez eskoziarrarentzat, baina Wolfsburgok markagailuko aldea handitzen segitu du Felicitas Rauchen eta Pernille Harderren eskutik. Gainera, eskoziarren zoritxarrerako, azken bi golak euren atean sartutakoak izan dira (Leanne Ross eta Jenna Clark). Azkenerako, emaitza ezin adierazgarriagoa izan da (1-9)
Fitxa teknikoa:
1 - Glasgow City: Alexander (Clachers, 84. min); McLaucham (Clark, 83. min), Ross, Van Wyk, Wyne; Love (Howat, 64. min), Kerr, Crichton; Freda, Wojcik (Foley, 78. min), Wade (Colvill, 78. min).
9 - Wolfsburgo: Abt; Wedemeyer, Goessling, Hendrich (Bloodworth, 59. min), Doorsoun-Khajeh (Blässe, 74. min); Engen, Popp (Oberdorf, 80. min), Huth; Mosegaard- Harder, Rolfo (Rauch, 59. min); Pajor (Bremer, 46. min).
Golak: 0-1, 15. min: Pernille Harder. 0-2, 19. min: Engen. 0-3, 45. min: Engen. 0-4, 47. min +: Pernille Harder. 0-5, 56. min: Pernille Harder. 1-5, 63. min: Wade. 1-6, 65. min: Rauch. 1-7, 72. min : Pernille Harder. 1-8, 88. min: Ross (p.p.). 1-9, min. 95: Clark (p.p.).
Epailea: Tess Olofsson (Suedia). Txartel horia: Popp (Wolfsburgo).
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa