22:00

Txapeldunen Liga

4-0

Liverpoolek Bartzelona kanporatu du Anfielden, partida ikusgarri batean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Origik eta Wijnaldumek sartutako golek finalera sailkatu dute Jurgen Kloppek entrenatzen duen taldea.

  • Wijnaldum Liverpoolen hirugarren gola ospatzen.

    Wijnaldum Liverpoolen hirugarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Liverpoolek Bartzelonaren aurkako kanporaketa irauli du astearte honetan, talde katalanari Anfielden 4-0 irabazita (3-0 bukatu zuten joaneko norgehiagokan). Horrenbestez, Jurgen Kloppek entrenatzen duen taldea Atletico Madrilen zelaian (Wanda Metropolitano) jokatuko den Txapeldunen Ligako finalean izango da, ekainaren 1ean.

Talde ingelesa goitik behera nagusitu da lehian zehar, nahiz eta bisitariek ere aukera garbiak izan dituzten golen bat sartzeko. Dena dela, gorriek lehiaketatik kanpo utzi dute Ernesto Valverderen taldea, batez ere bigarren zati ikusgarria jokatuta.

Divock Origi belgikarrak lehen zatian sartutako golak, Georginio Wijnaldum herbeheretarrak bigarren zatian lortu dituen biak, eta 79. minutuan Origik berak erdietsitako laugarrenak eman diote sailkapena Liverpooli.

Aipatu legez, Origi izan da Bartzelonaren ate aurrean asmatzen lehena, zazpigarren minutuan, hain zuzen ere. Jokaldi horretan, Jordi Alba ezker hegalekoak huts egin du baloia bere aterantz bidaltzeko garaian. Mane erne ibili da baloia mozteko, eta Hendersoni eman dio hark jaurti zezan. Erdilariaren saiakera Marc-André ter Stegen atezainak aldendu du, baina aldaratzea Origiri heldu zaio, eta honek ez du barkatu zaintzailea falta zuen atearen aurrean.

Bigarren zatian, Wijnaldumen bi minutu ikusgarriak iritsi dira. Jokalari herbeheretarra atsedenaldiaren ostean zelairatu da Robertsonen ordez, eta bi gol sartu ditu 54. minututik eta 56. minutura doan tartean: lehendabizikoa, hankarekin, Tren Alexander-Arnolden erdiraketa bat baliatuta; bigarrena, buruz, Shaqiriren pasea ezin hobeto errematatuta.

Une horretan, kanporaketa berdinduta zegoen (3-3), eta ordu erdi geratzen zen amaierara iristeko, baina ez da luzapenik egon, etxekoek Bartzelonaren ez sinesteko moduko hutsegitea aprobetxatu baitute.

79. minutua zen, eta Liverpoolek kornerra zuen alde. Alexander-Arnoldek ez ateratzeko itxurak egin ditu Bartzelonako jokalariak baloiari begira ez zeudela, eta, halako batean, area barruan jarri du baloia, Valverderen mutilak ezustean harrapatuta. Erdiraketa bakar-bakarrik zegoen Origiri iritsi zaio, eta aurrelariak ez du barkatu Ter Stegenen eta Piqueren ahaleginak ezerezean utzita.

Ondorioz, Liverpoolek finala jokatzeko txartela lortu du. Asteazkenean jakingo du nor izango duen aurkari finalean: Ajax edo Tottenham. Oraingoz, herbeheretarrak doaz aurretik, joanekoan 0-1 irabazi baitzuten Londresen.

Fitxa teknikoa:

4 - Liverpool: Alisson, Alexander-Arnold, Matip, Van Dijk, Robertson (Wijnaldum, 46. min); Milner, Henderson, Fabinho, Mané, Origi (Gomez, 85. min) eta Shaqiri (Sturridge, 90. min).

0 - Bartzelona: Ter Stegen, Roberto, Pique, Lenglet, Alba, Busquets, Vidal (Arthur, 74. min), Rakitic (Malcom, 80. min), Messi, Suarez eta Coutinho.

Golak: 1-0, Origi (7. min), 2-0, Wijnaldum (54. min), 3-0, Wijnaldum (56. min) eta 4-0, Origi (79. min).

Epailea: Cüneyt Çakir (TUR). Txartel horiak: Fabinho eta Matip (Liverpool); Busquets, Rakitic eta Semedo (Bartzelona).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena