18:32

Reala

EA SPORTS LIGA

Realak eta Vila-realek puntuak banatu dituzte, partida ero batean (2-2)

EITB Media

"Urpekari horiaren" eta talde txuri-urdinaren arteko norgehiagoka berdinketan amaitu da (2-2), Castelloko taldeari hiru gol baliogabetu eta gero. Neurketako golegileak Mikel Oyarzabal (2 gol) izan da Realarentzat, eta Yeremy eta Ayoze etxeko taldearentzat.

  • Villarreal VS Reala

    Villarreal VS Reala Argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak eta Vila-realek bina berdindu dute (2-2), La Ceramica futbol-zelaian, 2024-25 denboraldiko EA Sports Ligako hogeita hamabigarren jardunaldian.

Imanolen mutilek urrezko puntua eskuratu dute, igande honetan, Oyarzabalek bikain jaurtitako penalti bati eta Vila-realeko atezainari Oyarzabal berak egindako lapurreta bati esker. Partida zoro batean, Marcelinoren mutilek gupidarik gabe setiatu dute, baina norgehiagoka tauletan amaitu da, Castelloko taldeari hiru gol baliogabetu eta gero.

Partidaren hasieran, Marcelinoren taldeak monopolizatu du jabetza, baina Kiko Femeniak defentsan egindako akats baten ondorioz, Pablo Marin partidako lehen gola sartzear egon da.

Jokaldi horren kontraerasoan, bestalde, Yeremy Pinok egin du Vila-realen lehen gola. Sergi Cardona ezker hegaletik joan da, baloia area txikira eraman du, eta Yeremy Pinok baloia sare barrura bidali du. (1-0)

Marcelinoren taldea nagusi izan da golaren ondoren, ate aurrean hainbat abisu emanez, eta talde txuri-urdina ia ezin izan da bere areatik atera. Hala ere, talde gipuzkoarra okerren pasatzen ari zenean, 17.ean, epaileak penaltia adierazi du Realaren alde. Mikel Oyarzabalek egin du gola 11 metroetatik. (1-1)

Vila-real berehala erantzuten saiatu da Barryren bi iritsierarekin, baina Reala goletik gertu egon da Kuboren erdiraketa batekin, Luiz Juniorren aldaratzearen ondoren. Partida oreka fase batean sartu da, eta edozein taldek izan du gola sartzeko aukera. Realak baloiaren jabetza orekatzea lortu du, baina Vila-realen mehatxua etengabea izan da.

Bigarrenaren hasieran, talde txuri-urdina aurretik jarri da Mikel Oyarzabali esker. Vila-realeko atezaina, Luiz Junior, lokartu egin da urruntzeko orduan, Oyarzabal presioan iritsi da, eta baloia sare barrura bidali du (1-2).

Marcelinoren taldeak ez du erreakzionatu zenbait minututan, baina Pepen sarrerarekin erantzuna etorri da, eta partida berdintzea lortu du, Ayozek Yeremy Pinoren pasea ate barrura sartu ostean. (2-2)

Vila-realek azeleragailua sakatu du orduan. Izan ere, Remirok Barryk egindako jaurtiketa gelditu du, eta VARak Yeremy Pinoren gol bat baliogabetu du, jokoz kanpo zegoelako.

Marcelinoren taldearen erasoa etengabea izan da, eta epaileak, VARean ikusi eta gero, Guayeri eta Eyongiri bi gol baliogabetu dizkie, jokoz kanpo egoteagatik eta faltagatik, hurrenez hurren.

Azken jazarpen betean, Realeko atezainak bere taldea salbatu du berriro, Barryk egindako erremate bikaina gelditu baitu, etxeko taldearen etsipenerako. 

FITXA TEKNIKOA

,2.- Vila-real: Luiz Junior; Kiko Femenia, Foyth, Costa, Cardona (Pedraza,  69. min); Yeremy Pino (Eyong, 88. min), Parejo (Guaye, 69. min), Comesaña, Denis Suarez (Pepe, 58. min); Ayoze eta Barry.

2.- Reala: Remiro; Traore (Aramburu, 64. min), Jon Martin, Aritz, Aihen (Javi Lopez, 64. min); Turrientes (Olasagasti, 69. min), Sucic (Pacheco, 46. in), Pablo Marin; Kubo (Brais Mendez, 85. min), Sergio Gomez eta Oyarzabal.

Golak: 1-0,  7. min: Yeremy Pino. 1-1, 18. min: Oyarzabal, penaltiz. 1-2,  48. min: Oyarzabal. 2-2, 59. min: Ayoze.

Epailea: Cuadra Fernandez. Txartel horia atera die Vila-realeko Yeremy Pino, Cardona jokalariei eta Marcelino Garcia, entrenatzaileari; eta Realeko Sergio Gomez jokalariari.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    04 11:25 - 12:00 ''HELMUGA'' saioa
    04 12:00 - 14:00 AIZKOLARITZA | Izeta IV vs Amundarain
    04 17:05 - 20:00 PILOTA | Buruz Burukoa: Altuna III vs Dario
    05 23:30 - 00:45 AREA TXIKIA | Rela vs Athletic Club partidako laburpena

      Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen