Reala
EA SPORTS LIGA
GAIZKA PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA
Realak partida txarra jokatu du Balaidosen. Celtaren bi golak Pablo Duranek sartu ditu, bata bestearen atzetik, atsedenaldira heldu baino lehen.
Pablo Duran, Realari sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE
Realak 2-0 galdu du Celtaren aurka Balaidosen jokatu duen EA Sports Ligako partida, eta, ondorioz, azkenaldian zeraman bolada ona amaitu zaio. Gaurkoan, Imanol Alguacilen taldeak ez du egoerak eskatzen zuen maila eman. Alderantziz, txuri-urdinek irudi txarra eman dute, ideiarik gabe aritu baitira zelaian.
Celtak, ostera, oso ondo jokatu du, eta Pablo Duran aurrelari gazteak erakustaldia eman du, eta bi gol sartu.
Lehen zatian, Realak izan du baloiaren jabetza, baina asko kostatu zaio Celtaren ate inguruan arriskua sortzea. Turrientes oso ondo aritu da zelai erdian, baina Mikel Oyarzabal ez da agertu aurrean, eta Barrene ez da fin ibili azken metroetan.
Claudio Giraldezen taldeak, berriz, ohiko joko ikusgarria egin du. Hiruzpalau pase azkar emanda, hainbat aldiz iritsi da Alex Remiroren area ertzeraino, eta Realak baino gol aukera garbi gehiago sortu ditu.
Atsedenaldirako bost minutu falta zirenean, bi gol bata bestearen atzetik egin ditu etxeko taldeak, eta Reala burumakur joan da aldagelara.
Lehendabiziko gola Pablo Duranek egin du, area kanpotik egindako jaurtiketa bortitz batekin, Celtaren jokaldi on bat baliatuta. Remiro saiatu da, baina ezinezkoa izan zaio baloia aldaratzea.
Bigarren gola ere Duranek sartu du. Alfonek pase bikaina eman dio, eta Celtako jokalari gazteak oina jartzea nahikoa izan du baloia area txikitik sarera bidaltzeko.
Atsedenaldian, Imanolek hiru aldaketa egin ditu: Zubimendi, Oskarsson eta Becker atera dira. Hala ere, bigarren zatiaren hasieran, beste kolpe bat jaso dute txuri-urdinek. Epaileak, baina, baliorik gabe utzi du Duranen hirugarren gola, jokoz kanpo zegoelako. Abisu horren ostean, Reala saiatu da aurrerapauso bat ematen, baina ez du jokoa hobetu.
Horrenbestez, 64. minutuan, Imanol Alguacilek Take Kubo zelairatu du Oyarzabalen ordez. Realeko kapitainak gaur ez du egun ona izan. Txartel horia atera diote lehen zatian, eta erasoan ez du bere maila eman.
Minutuak igaro dira, eta partidan ez da aldaketarik izan. Reala ahalegindu da, baina Celtak ondo defendatu du bi goleko abantaila, eta Guaitak geldiketa onak egin ditu esku hartu behar izan duen jokaldi apurretan.
Horrela, Realak 2-0 galdu du Vigon, eta, hortaz, partida bat galduta esan dio agur urteari. Donostiako taldeak 2019tik ez du galdu Balaidosen.
FITXA TEKNIKOA
2- Celta: Guaita; Javi Rodriguez, Starfelt, Marcos Alonso; Sergio Carreira (Hugo Alvarez, 72. min), Moriba, Beltran, Mingueza (Carlos Dominguez, 90. min); Alfon (Cervi, 83. min), Pablo Duran (Williot Swedberg, 72. min) eta Borja Iglesias (Douvikas, 90. min).
0- Real Sociedad: Remiro; Aramburu, Zubeldia, Pacheco, Aihen (Oskarsson, 46. min); Turrientes (Martin, 46. min), Sucic, Brais Mendez (Marin, 83. min); Oyarzabal (Take, 63. min), Barrenetxea (Becker, 46. min) eta Sergio Gomez.
Golak: 1-0, 39. min: Pablo Duran. 2-0, 45. min: Pablo Duran.
Epailea: Busquets Ferrer. Txartel horia atera die Celtako Javi Rodriguezi, Starfelti eta Pablo Durani, eta Realeko Oyarzabali, Turrientesi, Beckerri, Zubeldiari eta Take Kubori.
Hurrengo zuzenekoak
20 | 16:15 - 19:00 | PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa