22:58

Reala

Europa Liga

Realak Ajaxen aurkako partida gogorra gainditu du (2-0)

I. G. | EITB MEDIA

Partida oso parekatua izan da, eta txuri-urdinei kosta egin zaie atea aurkitzea, baina Barrenetxearen eta Kuboren golek hiru puntuak eman dizkiete.

  • Barrenetxea bere gola ospatzen taldekideekin. Argazkia: EFE.

    Barrenetxea bere gola ospatzen taldekideekin. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak 2-0 irabazi du Ajaxen aurka ostegun honetan Reale Arenan jokatu duen Europa Ligako 5. jardunaldiko partida. Partida oso parekatua izan da, eta txuri-urdinei kosta egin zaie atea aurkitzea, baina Barrenetxearen eta Kuboren golek hiru puntuak eman dizkiete.

Gipuzkoako taldea hasieratik presioa egiten hasi da, aurkariari jokatzen utzi gabe eta bere arean sartuta. Hala ere, lehen aukera arriskutsua bisitarien aldetik iritsi da, kontraeraso azkar batean, Akpomen jaurtiketa desbideratuarekin amaitu dena. Brobbeyren beste jokaldi on batek Traoreren oinetan amaitu du, eta baloia zutoinera jaurti du, Realari sustoa emanez.

Baina txuri-urdinek euren jokoarekin jarraitu dute eta aurkariaren areara hainbat hurbilketa izan dituzte. Lehenbizi Oyarzabal saiatu da errematatzailerik aurkitu ez duen jokaldi on batekin; geroago, Braisen burukada kanpora joan da gutxigatik. Reala ondo jokatzen ari zen, baina ideiak eta eraginkortasuna falta zitzaizkion azken metroetan.

Aguerden despiste bat garesti atera ahal izan zaio euskal taldeari, baina Remiro ondo luzatu da Rasmussenen jaurtiketa gelditzeko.

Atsedenaldia baino lehen, Oyarzabalek alferrik galdu du ordura arteko aukerarik onena baloia kanpora bidaliz, atetik metro batera zegoenean. Gainera, Elustondok min hartu du Braisen aurka izandako txoke batean. Aramburuk ordezkatu du.

Bigarren zatian Reala indartsuago atera da, batez ere erasoa zuzentzen ari zen Take Kuboren eskutik. Falta jaurtiketa batean Aramburuk sarera bidali du baloia, baina gola baliorik gabe geratu da jokoz kanpo zegoelako.

Baina hurrengo jokaldian, Kubok eta Aramburuk jokaldi ona egin dute, japoniarrak Barrenetxeari uzteko baloia eta Reala aurretik jartzeko (1-0).

Helburua lortuta, etxekoek jokoa moteldu dute, baina erasoa alde batera utzi gabe. Bost minuturen faltan Kubok egindako partida onaren saria jaso du golarekin. Berak bakarrik gidatu du baloia hegaletik, gero bigarren zutoinera jartzeko (2-0).

Fitxa teknikoa:

2 - Reala: Remiro; Aritz (Aramburu, 45+3. min), Zubeldia, Aguerd, Aihen; Zubimendi, Sucic (Turrientes, 46. min), Brais Mendez; Kubo, Oyarzabal eta Becker (Barrenetxea, 65. min).

0 - Ajax: Pasveer; Rensch, Sutalo, Baas, Hato (Wijndal, 74. min); Henderson, Berghuis (van den Boomen, 65. min), Fitz-Jim (Hlynsson, 74. min); Traore (Banel, 65. min), Brobbey (Rasmussen, 34. min) eta Akpom.

Golak: 1-0: Barrenetxea, 67. min; 2-0: Kubo, 85. min.

Epailea: Matej Jug. Txartel horia atera die Brais Mendez, Aramburu, Aihen, Wijndal eta Van den Boomen jokalariei.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 12:00 - 14:00 HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa
    25 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena